Zenbakia

53. zenbakia · 2004 (4)

Euskararen erabileraren bilakaera azken…


PDF fitxategia

HITZAURRE GISA 53. ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi Laburpena:
    Euskararen erabilera dugu oraingoan zenbakiaren aztergaia. Askotan esan ohi den bezala, eta zenbaki honetako zenbait artikulutan ere esaten den bezala, euskararen erabilera da kezka nagusia euskararen normalizazio prozesuan, erabileraren mota eta neurria direlako normalizazio mailaren adierazpen argia. Hori horrela izanik, berriro ere erabileraren gaiari heltzea beharrezkoa iruditu zaigu, horri buruz argitasun handiagoa lortzea esperoz.


Metodologia sendorik gabe teoria onik ez

Xabier Isasi Laburpena:
Hizkuntzen arteko ukipen egoera gertaera arrunta da. Hau da, herri askotan jazotzen da; Europan bakarrik berrogeita hamar milioi pertsona inguru bizitzen gara egoera horretan. Halere, ez da gehiegi aztertu. Gehienetan, hizkuntza gutxitua desagertu aurreko egoera gisa ulertzen da. Baina beti ez da horrela izaten. Horra hor, lekuko, euskararen egoera. Hizkuntzen arteko ukipen egoera, bada, ezegonkorra da; aldakorra, alegia. Aldakortasun horretan hizkuntzen arteko lehia ez da beti modu berean agertzen. Hizkuntza gutxituaren aldetik iraupenerako erresistentziarik izaten ez bada erabateko desagerpena berandu baino lehenago gertaera segurua da. Erresistentzia egonez gero hizkuntza gutxitua iraunarazi daiteke. Erresistentziatik harago, berreskurapena eginkizun zaila eta luzea da.


Euskararen erabilerari buruzko irakurketa. Aurrera begirako hausnarketa

Jon Aizpurua, Miren Mateo Laburpena:
Azken 20 urteotan euskararen ezagutzak izan duen bilakaera positiboa izan da oro har. Halere, egia da Euskal Herriko batez besteko irakurketaren ondorio dela baieztapen hori eta egoera oso bestelakoa dela lurralde batean eta bestean. Izan ere, 2001eko Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkestan jasotako emaitzen arabera, euskararen galera oraindik nabarmena izaten ari da Iparraldean, eta Nafarroan ia ez da aldaketarik egon azken 10 urteotan. Beraz, euskararen aurrerapena nonbait bada begi-bistakoa eta nabarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) da. Hori, gizarte-mailako babes handiaren eta 80ko hamarkadaren hasieran euskararen alde egiteko harturiko ekintza-neurri positiboen emaitza dela esan daiteke.


Euskararen erabileran nondik eragin? Zenbait gogoeta.

Pablo Suberbiola Laburpena:
OHARRA: Artikulu hau Bilbon, 2004ko azaroaren 16an, Topagunearen IV. Jardunaldirako prestaturiko hitzaldiaren oinarria da. SARRERA: Euskararen erabileraren garrantzia bere normalizazio prozesuan. Hala dio hitzaldi honetarako proposaturiko izenburuak. Ez dakit izenburu borobila ote den, baina zirkularra badela behintzat esango nuke, funtsean gauza bera baita: hizkuntza baten erabilera mailak adierazten digu zein neurritan dagoen "normalizatua" hizkuntza hori, edota, askotan esan denez: zer da hizkuntza baten normalizazioa lortzea? bere erabileraren hedapen funtzional, demografiko, eta geografikoa lortzea.


Euskararen erabilera azaltzeko eredu psikosoziala

Iñaki Garcia Laburpena:
Azkeneko urte hauetan euskararen berreskurapen prozesuan (hegoaldean, gehienbat) aurrerapen nabarmenak eman direla denok onartuko genukeen gauza da. Dena den, aurrerapenak euskararen ezagutzaren esparruan handiak izan badira ere, ezin dugu gauza bera esan erabileraren kasuan, esparru honetan aurrerapausuen abiadura motelagoa izan baita. Zer dela eta horrelako desoreka ezagutzaren eta erabileraren artean? Txepetxen teoria erabiliz (Sánchez Carrión, 1987), hizkuntzen ikasketa prozesua ulertzeko ezagutzari eta erabilerari hirugarren faktore bat erantsi behar zaie: motibazioa, alegia. Beraz, motibazioa izan daiteke ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen desorekaren erantzule. Motibazioa eta jarrera elkarrekiko oso lotuta dauden aldagaiak dira (Gadner, 1985). Normalean hizkuntzen eskurapen prozesuetan motibazio bezala etiketatzen dena, hizkuntzen erabilera azaltzeko orduan, jarrera moduan etiketatzen da, hainbat egileen arabera banaezinak edo gauza bera ere izan daitezkeelarik (Clement eta Noels, 1996). Beraz, ezagutzatik erabilerara pasatzeko huts egiten duen faktorea motibazioa edota jarrera izan daiteke. Dena den, euskararen egoera aztertzen duten ikerketei so eginez gero (Siadeco, 1978, 1979, 1991; Eusko Jaurlaritza, 1989, 1995, 1999, 2002; Aztiker, 2002), nabaria da euskal hiztunen kopuruaren gorakada eta euskararekiko aldeko jarrera. Hau horrela ikusita, ematen du baldintza ezin hobeak direla euskararen erabilera ziurtatzeko, dena den, (denok dakigun bezala errealitatean gertatzen dena oso bestelakoa da) aipatutako ikerketetan ere euskararen erabileraren datuak hain baikorrak ez direla esaten zaigu.


Euskara dela eta… neskek zer diote?

Jone Miren Hernandez Laburpena:
Artikuluaren izenburuari erantzuna bilatu asmoz, eta sarrera gisa, orain dela urte pare bat burututako ikerketa baten ondorioak ekarri nahi izan ditut orrialde hauetara. Azterketa EAEko D ereduko ikastetxe batean burutu zen eta bertako ikasleak izan ziren ikerketaren objektu eta protagonista nagusiak. Beraien errutinak jarraituz, ikasgelan, pasabideetan eta jolastokian murgiltzeko aukera izan nuen, eta bide batez bertan gertatzen zena behatzekoa. Ikasleekin eseri nintzen, elkarrekin hitz egin genuen, eta hainbat eginbeharretan taldekide bihurtu nintzen. Hurbiltasun horrek zenbait egoeren lekuko izateko aukera eman zidan. Aldi berean, eguneroko gertutasunean hainbat egoera eta gertakari gaztetxoekin komentatzeko parada ere izan nuen. Jarraian, solasaldi horietako batzuk plazaratu nahiko nituzke, maila teoriko edo hipotetiko batean sarritan esaten dena gizarte aktoreen hitzetan nola adierazten den ikusi ahal izateko.


Irratiak ertzak limatu dizkio euskara batuari

Odile Krutzeta Laburpena:
EUSKARAREN AJEAK Urtebetetze egunean Ibon Sarasola euskaltzainaren liburu bat oparitu zidan ahizpak. Garai hartan argitaratu berria zen Sarasolaren ‘Euskara Batuaren Ajeak’. Artean zazpi urte joan dira baina hitzaurreko pasarte bat gaur goizean irakurri banu bezain fresko daukat buruan. Izan ere, irratiko kazetariok eguneroko jardunean bizi dugun egoera surrealistaren erretratu paregabea eskaintzen du Ibon Sarasolak bertan:


Kuadrillategi egitasmoa

Diego Egizabal, Axier Huegun, Peio Jauregi Laburpena:
Lagunartean edo koadriletan euskararen erabilera sustatzeko helburuz, hainbat udalerritan bi ikasturtez luzatu den esku-hartzea eta ikerketa dugu Kuadrillategi Egitasmoa. 2001-2002 ikasturtean, esaterako, zortzi udalerrik abiatu zuten Kuadrillategi: Lasarte-Oriak, Andoainek, Urnietak, Beasainek, Debak, Bergarak, eta Aretxabaletak. Urtebete geroago beste hiru herrik abiatuko zuten: Atarrabiak, Uhartek, eta Burlatak. Esku-hartzearen sustatzaileak hiru izan dira: tokian tokiko Euskara Zerbitzua eta Euskara Elkartea batetik; eta bestetik, Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza elkartea. Azken hau orain hiruzpalau urte sortu bazen ere, bertan dihardutenek, hala nola, Pello Jauregi doktoreak, urte asko daramatzate esku-hartzea eusten duen marko teorikoa eta metodologikoaren inguruan ikertzen. Kuadrillategi egitasmoaren ibilbidea luzea da benetan, hamabi urte igaro dira lehen aldiz Pello Jauregik koadrila bat hartu eta haren euskalduntzeari heldu zionetik. Irakurleak orain esku artean ibiliko dituen emaitzak eta datuak, berriz, 2001eko irailetik 2003ko ekainera bitartean iraun eta arestian zerrendatu ditugun udalerrietan burutu zen ikerketa aldiari dagozkio.


Katalanez egiten duten lurraldeetako hizkuntza erabileren ikerketa

Xavier Vila, Natxo Sorolla Laburpena:
HIZKUNTZA DIMENTSIOEN IKERKETA ETA ZENBAIT ALDERDI TEKNIKO. Hizkuntzaren piramidea


Iritzia: Elhuyar

Elhuyar Aholkularitza Laburpena:
Euskararen aldeko mugimenduak eta politikak asko aldatu dira azken urteotan eta guk geuk ere dagoeneko urte batzuk badaramatzagu "euskararen erabilera areagotzeko planak" diseinatzen eta garatzen. Urte hauetako eskarmentuak eta premiek erabileraren inguruan asko hausnartzera bultzatu gaituzte eta, ondorioz, etengabe gure estrategiak eta lan egiteko modua doitu eta egokitu behar izan ditugu.


Menua