53. zenbakia ·
2004 (4)
Euskararen erabilera azaltzeko eredu psikosoziala
Iñaki Garcia
Azkeneko urte hauetan euskararen berreskurapen prozesuan (hegoaldean, gehienbat) aurrerapen nabarmenak eman direla denok onartuko genukeen gauza da. Dena den, aurrerapenak euskararen ezagutzaren esparruan handiak izan badira ere, ezin dugu gauza bera esan erabileraren kasuan, esparru honetan aurrerapausuen abiadura motelagoa izan baita. Zer dela eta horrelako desoreka ezagutzaren eta erabileraren artean? Txepetxen teoria erabiliz (Sánchez Carrión, 1987), hizkuntzen ikasketa prozesua ulertzeko ezagutzari eta erabilerari hirugarren faktore bat erantsi behar zaie: motibazioa, alegia. Beraz, motibazioa izan daiteke ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen desorekaren erantzule. Motibazioa eta jarrera elkarrekiko oso lotuta dauden aldagaiak dira (Gadner, 1985). Normalean hizkuntzen eskurapen prozesuetan motibazio bezala etiketatzen dena, hizkuntzen erabilera azaltzeko orduan, jarrera moduan etiketatzen da, hainbat egileen arabera banaezinak edo gauza bera ere izan daitezkeelarik (Clement eta Noels, 1996). Beraz, ezagutzatik erabilerara pasatzeko huts egiten duen faktorea motibazioa edota jarrera izan daiteke. Dena den, euskararen egoera aztertzen duten ikerketei so eginez gero (Siadeco, 1978, 1979, 1991; Eusko Jaurlaritza, 1989, 1995, 1999, 2002; Aztiker, 2002), nabaria da euskal hiztunen kopuruaren gorakada eta euskararekiko aldeko jarrera. Hau horrela ikusita, ematen du baldintza ezin hobeak direla euskararen erabilera ziurtatzeko, dena den, (denok dakigun bezala errealitatean gertatzen dena oso bestelakoa da) aipatutako ikerketetan ere euskararen erabileraren datuak hain baikorrak ez direla esaten zaigu.