Zenbakia

Europako hizkuntza-aniztasunaz

BAT Soziolinguistika Aldizkaria 121, 2021 (4) | Andoain (Gipuzkoa)

ISSN 2659-5176 / ISSN-L 1130-8435 | Lege gordailua: SS120/90

PDF formatuan eskaintzen da.

Hitzaurrea

Beñat Garaio Mendizabal


Europar Batasuneko hizkuntz politikak, praktikak eta diskurtsoak

Karmelo Ayesta Sagardui
Migrazioek, teknologia digitalen garapenak, globalizazioak eta beste gizarte aldaketa batzuek egunerokotasuna gero eta eleanitzagoa izatea eragiten dute. Testuinguru horrek galdera eta hausnarketa berriak eskatzen ditu: nola babestu eta sustatuko da tokiko berezko hizkuntza inguru eleanitzean? Zer funtzio beteko dute tokiko hizkuntzek, estatuetako hizkuntza hegemonikoek, ingelesak eta migratzaile eta turisten hizkuntzek? Nola egokituko dira euskara sustatzeko estrategiak mugikortasun handiko Europako gizarte eleanitz, ireki eta digitalera? Europako Batzordeko eta estatu kideen hizkuntz politika eta praktikak ezagutzea lagungarria izan daiteke hausnarketa hori bideratzeko: alde batetik, Euskal Herriko egoeraren alderdi batzuk bereziak izan arren, EBko beste hiztun komunitate batzuen errealitateak esanguratsuak eta argigarriak izan daitezkeelako, eta, bestetik, ezinbestekoa delako, gaur egun, EBko ikuspegia kontuan hartzea, Europako eragina gero eta nabarmenagoa delako tokiko politiketan. • Hitz gakoak: Europar Batasuna, hizkuntz politika, diskurtsoak, lingua franca, eleaniztasuna


Europako estatu post-sobietarren hizkuntzak: egoera eta erronkak (Errusia)

Natalia Evseeva
Artikulu honetan Errusiako Europako zatian hitzen egiten diren hizkuntzen egoera aztertzen da. Hasteko, XX. mendean zehar, Errusiako Inperioan eta Sobietar Batasunean, hizkuntza horiek jaso zuten tratamendua gainbegiratzen da, beren estatusa eta garaiko hezkuntza eleaniztunari buruz xehetasunak emanez eta, halaber, hizkuntzaren eta identitate etnikoen artean egin zuten lotura aipatuz. Ondoren, gaur egungo Errusiako hiru eremuetako hizkuntzak aurkezten dira: iparraldeko eta ipar-mendebaldeko Errusiakoak, hegoaldeko Errusiakoak eta Volga ingurukoak. Hitz gakoak: Errusia, Sobietar Batasuna, errusiera, hizkuntza gutxituak, hizkuntza politika.


Europako estatu post-sobietarren hizkuntzak: egoera eta erronkak (Herrialde Baltikoak, Ekialdeko Europako herrialdeak eta Hego Kaukasokoak)

Natalia Evseeva
Artikulu honek Europako post-sobietar estatuen hizkuntzak deskribatzen ditu, hots, Herrialde Baltikoenak, Ekialdeko Europako eta Hego Kaukasoko estatuenak. Herrialde bakoitzerako, tokiko hizkuntza nagusiaren estatusa eta egoerari buruzko datuak ematen dira. Aldi berean, errusierak duen presentzia eta garrantzia aztertzen da, eta Sobietar Batasuna desegin ondoko urteetan errusieraren ezagutza eta erabileraren bilakaera ikusten da. Horrez gain, tokiko hizkuntza gutxituak eta beren babesteko hartzen diren neurriak aipatzen dira, eta hizkuntza guztien presentzia irakaskuntzan erakusten da. • Hitz gakoak: Ekialdeko Europa, errusiera, hizkuntza gutxituak, hizkuntza politika.


Espainiako Estatuak berehalako ekintzarako gomendioak ezartzeari buruz EEUHEGren Adituen Batzordeak egindako txostenaren balantzea

Fernando Ramallo
2018an Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak (hemendik aurrera Gutuna) 20. urteurrena ospatu zuen. Garai horretarako Gutunak monitorizatzeko prozesua aldatu zuen eta estatuen hizkuntza politika ebaluatzeko hainbat puntu aldatu ziren, besteak beste, txostena idazteko epea. Txosten horretan “berehalako ekintzarako gomendio” (BEG) batzuk zerrendatu behar dira eta Adituen Batzordeak BEGen betetze-mailari buruzko ebaluazioa egin eta emaitzak argitaratzen ditu. 2021eko martxoaren 31n, Europako Kontseiluak argitara eman zuen Espainiako Estatuak Gutunarekiko (2019) hartutako konpromisoak monitorizatzeko 5. txosteneko BEGen lehenengo jarraipen txostena eta artikulu honetan monitorizazio horren emaitzak laburtu ditugu. • Hitz gakoak: Hizkuntza politika; Espainiako hizkuntza gutxituak; hizkuntza politiken monitorizazioa; Europako Kontseilua; Hizkuntzen Europako gutuna.


Frantziar Estatuko hizkuntzen egoera gaur egun

Jean-Baptiste “Battittu” Coyos
Artikulu honetan Frantzia metropolitarrean bizi diren eskualdeetako hizkuntzak laburki azalduko dira. Kasik hogei bat dira. Gaur egungo aniztasun horren argazki txikia ematen da: hizkuntzen egoera, azken urte hauetako bilakaera eta eramaten diren hizkuntza politikak. Halere, azpimarratu behar da datuak, argibideak edo inkestak urriak direla oro har, eta homogeneoak ez direla. Halaber, lurralde ezberdin horietan botere publikoen eta gizartearen engaiamendua era askotakoa da. Aldiz, legegintza- kuadroa berdin-berdina da eta ez aldekoa, frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra. Hizkuntza horiek denak arriskuan dira, baina ez hein berean. • Hitz gakoak: Frantzia metropolitarra, eskualdeetako hizkuntzak, arriskuan, egoera, bilakaera


Kalaallitsut gaur egun: Groenlandiako hizkuntza egoeraren bilakaera azken hamarkadetan

Eider Palmou Orue-Etxebarria, Txerra RodriguezORCID profila

Txerra Rodriguez

txerra.rodriguez@gmail.com
Emuneko aholkularia
ORCID: https://orcid.org/0009-0006-1243-7690ORCID profila
Inuitak Artikoan bizi diren jatorrizko herri bateko kideak dira: Alaskan, Siberian, Kanadan eta Groenlandian. Egoera oso ezberdinak bizi dituzte hizkuntzari dagokionez: ia desagertzeko zorian dago inuitera Alaskan eta Siberian eta, aldiz, Groenlandian biziberritze prozesu indartsua da abian. Artikulu honetan, batez ere, Groenlandiako hizkuntza eta jendarte egoerari erreparatu nahi diogu (biak ala biak zeharo lotuta daudelako), baina beste lurraldeetako egoerak apur bat ere hartuko ditugu kontuan. Izan ere, uste dugu, hein batean, groenlandiarrek azken 40 urteotan urratu duten bideak argi printzak ekarri ahal dizkigula guri eta munduko hizkuntza gutxiagotuei. Bidea, jakina, ez da perfektua eta argi-ilunak agertzen dira eta etorkizunari begirako kezkak ere bai. Horiek guztiak kontuan hartu behar dira eta euren ahalduntze politiko, soziala, ekonomiko eta kulturala ulertzeko gakoak ere aipatu gura izan ditugu. • Hitz gakoak: inuitera, biziberritzea, Groenlandia, kalaallitsut.


Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea (NPLD)

Araceli Diaz de Lezana
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea, ingelesez Network to Promote Linguistic Diversity (NPLD), 2007an sortu zen, eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzen sustapenean ziharduten erakunde eta eragileak elkartu eta Europako politiketan eragiteko asmoz. Sare honetako kideak dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Soziolinguistika Klusterra. 2007tik hona sarea garatu egin da, aldaketa asko egon dira bere barnean eta artikulu honek NPLDren ibilbidearen irakurketa bat egiten du. Epealdi ezberdinetan burutu diren ekimen esanguratsuenak aipatzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak Sarean izan duen partaidetza ere jorratzen du artikulu honek. • Hitz gakoak: Europa; euskara; erakundeak; hizkuntza-politika; sarea.


Gizarte-eragileen saretzea Europan: ELEN

Paul Bilbao Sarria
Hizkuntza gutxituen biziberritzean aritzen diren gizarte-eragileek beste hizkuntza komunitate batzuetako erreferentzietara jotzeko ohitura egon izan da azken hamarkadetan. Elkar-truke eta harreman horiek sendotuz joaten diren heinean, azpiegitura edo espazio komunak sortzeko beharra egoten da eta hori da European Linguistic Equality Network (ELEN) delakoa. Artikulu honetan egileak ELEN erakundearen hastapenak azaltzen ditu, aurrekaria izan zen EBLUL erakundetik hasita eta gaur eguneraino izandako bilakaera deskribatuz. ELEN-ek urte hauetan guztietan jorratutako lan-ildoak eta abian jarri dituen ekimenak ere aipatzen dira testuan zehar. Horretaz gain, Kontseiluak ELEN-en izandako parte hartzea ere hizpide du artikuluak. • Hitz gakoak: Europa; hizkuntza gutxituak; eragileak; saretzea.


Munduko hizkuntza-aniztasuna, gure ondare materiagabe nagusiari nola eutsi

Itziar Idiazabal Gorrotxategi, Ines Garcia-Azkoaga
Munduko hizkuntza-aniztasunari buruzko ezagutza zabaltzeko eta partekatzeko xedearekin sortu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra, 2006an. Denbora honetan jorratu dituen ildo ezberdinen berri ematen du artikulu honek, beti ere, hizkuntza- ondarea eta, batez ere, hizkuntza gutxiagotuak babesteko baliagarriak diren ekimenak garatzera bideratu izan direnak, bereziki, garapen iraunkorrarekin bateratzen diren hizkuntza-lankidetzaren eta hezkuntza eleaniztunaren inguruko ekimenak. Artikuluak nabarmendu egiten du eskolak duen erronka ondare materiagabe hori babesteko orduan, eta aldarrikatu egiten du tokian tokiko hizkuntzak biziberritzeko eta garatzeko irakaskuntza eleaniztunaren erdigunean izan behar direla, hizkuntza hegemonikoak eta atzerrikoak ere haiekin batera aintzat hartuta. • Hitz gakoak: hizkuntza-ondarea, hizkuntza gutxiagotuak, hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza-lankidetza, garapen iraunkorra, eskola eleaniztuna.


Hizkuntza-biziberritzea eta aniztasuna Gasteizen: aniztasunean anitz

Alex Vadillo, Elena Urzelai
Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak hainbat ekimen garatu ditu hizkuntza aniztasunaren inguruan. Ekimen hauek hiri barneko (adib. AnHitzak, Auzoko, etab.) eta kanpoko aniztasuna (adib. HIGA) sustatzea izan dute xede eta udalerriko Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren testuinguruan kokatzen dira. Artikulu honetan ekimen horien testuingurua azaldu, horietako bakoitzak emandakoa eta hortik ikasitakoa, eta aurrera begira sortutako ideia gakoak partekatzen dira. Hau honela, egileen ustez, etorri berrien (hizkuntza) harrera-prozesuan eragitea, ikuspegi holistiko batetik lan egitea eta zeharlerrotasunean sakontzea, hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta eleaniztasunaren apologia egiten jarraitzea dira ardatzak. • Hitz gakoak: hizkuntza-aniztasuna; harrera; ekimenak; udalerria; ekintza-plana.


Erakundeen komunikazio publikoaren egokitzapena pandemiaren lehen hilabeteetan

Asier Basurto Arruti, Eduardo Apodaka Ostaikoetxea, Irati Agirreazkuenaga Onaindia, Idurre Eskisabel Larrañaga, Beatriz Zabalondo Loidi
COVID19aren pandemiaren agerpenaren lehen hilabeteetan komunikazio publikoa egiten duten denetariko erakundeek beren jarduna egokitu behar izan zuten osasun krisiak eragindako salbuespenezko baldintzetara. Artikulu honetan komunikazio ardurak dituzten pertsonen bizipenetan oinarrituta aztertzen dira erakundeetan gertatutako aldaketak, arreta berezia jarriz hizkuntzen erabilerari eta hizkuntza gutxituaren kudeaketari. Bat-batean heldutako krisi egoerak proban jarri ditu erakundeen komunikaziorako prozedurak eta gaitasunak. Komunikazio-lanak erakunde bakoitzaren barruan jokatzen duen papera eta duen garrantzia agerian utzi du eta luzaroan iraungo duten aldaketak eragin ditu. • Hitz gakoak: Komunikazioa, Pandemia, Hizkuntzak, Euskara.