Mikel Zalbide
(Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldiaren azalpen laburtua)
1778an jaio zen Iturriaga, Hernanin, eta herri berean hil zen handik 73 urtera,
1851n. Bazuen Agustinek, batetik, lagunarte jasoa, goi-mailakoa: Gipuzkoako
jende ikasiarekin, Hernaniko eta Donostialdeko jende ilustratu eta, oro har,
liberalekin bildu ohi zen sarri. Bere iritzi-aholkuak oso kontuan izaten ziren,
itxuraz, goi-mailako zirkulu horietan. Iturriagaren lagunartea ez zen, ordea,
jende ikasi eta goi-mailakoen alorrera mugatzen. Euskaltzale eragilea zen Agustin;
bere moduko kezka-gogoak ageri zituzten gipuzkoar eta euskaldun gehiagorekin
ere harreman estuak zituen. Deigarriak dira, alde horretatik, Juan Inazio Iztuetarekin
izandako harremanak: “Oriyamendiko gañean” egin ohi zituzten
elkarrizketak, zenbaitetan behintzat. Euskara aurrera nola atera: hori izaten
zuten beren solasgai nagusia. Bost aldi bereiz litezke, Iturriagaren bizian:
a) haurtzaroa eta ikasle-garaia, b) apaiz- eta pedagogo-garaia; c) ikastetxea
itxi eta karlistada artekoa; d) karlistada-garaia; eta e) azken hamar urteak.
Hirugarren aldian, ikastetxea itxi eta karlistada artekoan, izan zuen Iturriagak
Batzar Nagusiekiko harreman-saio sendoena. Soziolinguistikazko iritzi landuenak
ere garai horretan azaldu zituen idatziz. Horretaz jardungo dugu, beraz, oraingoan.