Kaleko hizkera telebistako saioetan
Asier Larrinaga
Telebistarako lan egiten duen hizkuntzalari baten ikuspegitik ez dago hizkuntza-aldaera baino adigai garrantzitsuagorik. Hizkuntza-aldaerak –hizkerak, bestela esanda– azpikodeak dira, hizkuntza-kode osoaren barruko multzoak dira, komunikazio-egoera bakoitzak ezarritako eskakizunen arabera bereiziak. Komunikazioa arrakastaz gerta dadin, egoeraren eskakizunei behar bezala erantzuten dien hizkuntza-aldaera aukeratu behar da. Arrakastarik ezak, kasurik txarrenean, komunikazioa etetea dakar, eta ikusleak galtzea, telebistako saioei buruz ari bagara. Pentsa liteke, hartara, euskara faktore mugatzailea dela telebistan nahi bezalako programazioa osatzeko, onartua baitugu euskara hizkerez urria dela, batez ere hedabideetan nagusi diren hizkuntzen aldean.