Zenbakia

Euskararen indar eta ahulezi-printzak Iparraldean

PDF formatuan eskaintzen da.

Hitzaurrea

Eneko GORRI
PDF formatuan eskaintzen da.
Erosi ()

Euskararen indarrak eta ahuleziak gaur egun Ipar Euskal Herrian: hizkuntza-bizindarra

Jean-Baptiste “Battittu” Coyos
Artikulu honetan gaur egungo euskararen bizindarra Ipar Euskal Herrian ebaluatzen saiatzen da. Helburu honetarako, ezaugarri eta adierazle  sozial anitz sailkatzen dira: euskararen ezagutza eta erabilera mailak, funtzioak eta erabilera esparruak, hiztunen jarrerak, onarpen publikoa eta botere publikoen politikak, etab. Laburbilduz eta sinplifikatuz, euskararen bizindarra handitzen da, emeki-emeki baldin bada ere. Hitz gakoak: euskara, Ipar Euskal Herria, egoera soziolinguistikoa, hizkuntza-bizindarra, ezaugarriak, adierazleak, eragileak.


Zein lege babes hizkuntza politikarentzat Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan?

Eneritz Zabaleta Apaolaza
2000 hamarkadaz geroztik, euskararen aldeko anbiziozko politikak onartu dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Anbizio hori egunerokoan txertatzeko momentua heltzean, baina, talkak sortzen dira frantsesaren monopolioa antolatu duen ordenamendu juridikoarekin. Euskararen politikak babesteko, ezinbestekoa da lege erreforma bat. Erreforma horretarako euskararen ko-ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideen aitorpena ez dira tresna erabilgarrienak. Bi printzipio horiek onartzeko, Frantziako identitate konstituzionala goitik behera aldatu behar litzateke. Egoera hori ikusiz, artikulu honek beste alternatiba konstituzionalak lantzen ditu, euskarari lege babes egokiagoa emateko. Tresna horiek botere publikoei inposatutako obligazio juridikoak dira, tokiko hizkuntzak Frantziako ondare konstituzional diren heinean. Euskararen lurralde estatus bat garatzeko ere, esperimentazio normatiboa martxan ezartzea aukera interesgarria izan daiteke. Hitz gakoak: Euskara, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa, ofizialtasuna, esperimentazio juridikoa.


Euskararen presentzia eta aukerak Iparraldeko unibertsitate-testuinguruan

Eguzki Urteaga
Gaur egun, Iparraldeko unibertsitate-testuinguruan, euskararen presentzia urria bada ere, funtsean, Euskal Ikasketetara mugatuz, garatzeko aukera esanguratsuak dauzka, euskararen ezagutzak gora egin baitu 16-24 urtekoen artean eta sail elebidunetatik ateratzen diren ikasleen kopuruak gora darraielako, lurraldearen nortasun propioa agerikoa baita, ikasleen eskaera geroz eta handiagoa delako, eta, Iparraldeko unibertsitate-eskaintza garatzeko borondatea agertzen baitute bai erakunde publikoek bai gizarte zibil antolatuko ordezkariek. Baina, aukera horiek praktikara eramateko, ezinbestekoa da irakasleak euskaraz trebatzea eta mugaz gaindiko lankidetza sustatzea. Hitz gakoak: Iparraldea, unibertsitate-testuingurua, euskara, presentzia, aukerak.


Euskararen lekua goi mailako irakaskuntzan eta ikerketan Ipar Euskal Herrian (2010-2020)

Argia Olçomendi
Artikulu honetan aztertuko dugu zer leku duen euskarak Ipar Euskal Herrian goi mailako irakaskuntzan proposatuak diren formakuntzetan. Azken urteetan, hemen ikasten duten ikasleen kopurua beti goiti ari da eta orotara 6000 ikasle inguru dira, ikasketa gune frankotan banatuak. Euskal kostaldea gune erakargarria bilakatu da, bere formakuntza eskaintzaren hedatzen ari da eta leku frankotako ikasleak ikasketen egitera heldu dira. Gure aldetik, interesatuko gara euskarak duen lekuari eta horretarako formakuntza eskaintzaren azterketa bat proposatuko dugu, zehaztuz zer leku egina zaion euskarari.  Hitz gakoak: Euskal Ikasketak, oinarrizko formakuntza, formakuntza jarraikia, irakasleen formakuntza, ikerketa.


Motibazio sozialaren printzak, ikastetxetik plazara

Xan Aire

Xan Aire

xanaire@psteo.net
Euskal soziolinguistikako ikertzaile independentea
ORCID:
Zerk motibatzen gaitu euskara esparru sozial guzietan erabiltzeko, Ipar Euskal Herrian? Artikuluak galdera horren inguruko pistak eta korapiloak abordatzen ditu, ikastetxeetako eremu espezifikoan zein jendarteko eremu hedatuagoan kokatuz. Bide batez, erabileraren arloan Iparraldeko errealitatean bereziki funtzionatzen duten lanketak eta esperimentazioak partekatuz, eta Euskaraldia bezalako egitasmo zabalak lurraldean markatu duena hurbilagotik ezagutuz, aldi berean ikuspegi teknikotik eta aktibismotik begiraturik. Hitz gakoak: motibazioa, ikastetxea, plaza, komunitatea.


Euskara eta irakaskuntzaren arteko hausnarketa

Xantiana Etchebest
Euskara irakaskuntzan edo irakaskuntza euskaraz, nondik hasi nora joateko? ez dakit. Galdera horrek erantzun bat baino gehiago badu noski. Euskarak irakaskuntzan duen garrantzia edo euskarazko irakaskuntzak duen garrantzia desberdinak dira baina biak nahitaezkoak dira. Horri esker, hizkuntza eta hezkuntzak bat egiten baitute. Ikusiko dugu parekotasun, murgiltze edo Seaskan den eredu horiek helburu desberdinak dituztela, baina hiruek hizkuntza dutela bateratze puntua. Bestalde, euskara gaiak eredu horietan duen tokiari interesatuko gara, euskalduntze eta euskaraduntze prozesuei bereziki. Baina ohartuko gara hezkuntza eta hizkuntzak bat egiten dutela, egoera diglosiko honek eskaintzen digun egunerokoan hezkuntza behar dela hizkuntzaren biziarazteko eta hizkuntza behar dela euskaldunen hezkuntza biziarazteko. • Hitz gakoak: euskaldun, euskaradun, hezkuntza, hizkuntza.


Osasuna eta euskara: bidegurutzean

Aitor Montes Lasarte
Artikulu honetan euskara osasun arloan ere bidegurutzean dagoela defendatzen da, eta paradigma-aldaketa baten beharra argudiatu. Legeaz harago, hizkuntza-plangintzak osasun jarduerarekin lerrokaturiko irizpideak bete beharko lituzke autorearen ustez: ebidentzian oinarriturikoa izan, pertsonengan ardazturikoa, eta ekitatezkoa. Horrenbestez, etorkizuneko edozein euskara-planak bete beharreko gutxieneko baldintzak azaltzen dira, eta zenbait neurri proposatu, euskara-plan eraginkor bat helburu. • Hitz gakoak: osasun-sistema, ekitatea, euskara, hizkuntza-plangintza