Zenbakia

122-123. zenbakia ·
2022 (1)
TXILLARDEGI-HAUSNARTU SARIAK (2021)
10,00€
BAT Soziolinguistika Aldizkaria 122-123, 2022 (1-2) | Andoain (Gipuzkoa)
Hezkuntza soziolinguistikoa. Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena
Izaro Arruti eta Sandra Prieto
Lan hau Euskal Herriko gazteen profil soziolinguistikoan identifika daitezkeen bi ahulgunetatik
abiatzen da: ezagutza eta erabileraren artean dagoen desoreka eta aurreiritzietan eragiteko
beharra. Adituek soziolinguistikari eta hizkuntza-ekologiari buruzko hausnarketak egiteak eta ezagutza
zientifiko hori ikasleei transmititzeak positiboki eragin dezakeela defendatzen dute. Era berean, maila
ezberdinean, EAEko, Nafarroako, zein Ipar Euskal Herriko curriculumek ere lanketa hori egitea beharrezkoa
dela ezartzen dute. Gauzak horrela, gure ikerketa-lanaren helburu nagusiak; Euskal Herrian
soziolinguistika eta hizkuntza-ekologia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lantzeko
dauden materialak eta baliabideak biltzea, horiek aztertzea eta sailkatzea, hezkuntza-komunitateko askotariko
eragileek gaion lanketaren errealitateaz dituzten pertzepzio eta iritziak ezagutzea, eta osatutako
sailkapena hezkuntza-komunitatearen eskura ipintzea dira. • Hitz gakoak: Derrigorrezko Bigarren
Hezkuntza, Batxilergoa, soziolinguistika, hizkuntza-ekologia, materiala, baliabideak.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
Euskararen marka: marketinetik hizkuntza plangintzara
Estitxu Garai, Irati Agirreazkuenaga, Irene Garcia, Sergio Monge, Angeriñe Elorriaga, Patxi Azpillaga, Ainara Miguel, Naroa Jauregizuria eta Koldo Atxaga (NIK ikerketa taldea)
Euskararen marka-irudiaren azterketa da ikerlan honen muina. Markagintzaren alorretik
datorren eremu kontzeptuala hizkuntzaren eremura ekartzea izan da lehenengo urratsa: hizkuntza markagintzaren
kontzeptuari gorputz teorikoa ematea, alegia. Ondoren, focus taldeen teknika kualitatiboa
erabili da oinarri teoriko horretan sakondu eta fase kuantitatiboa (inkesta) diseinatzeko urrats arakatzaile
gisa. Azkenik, euskararen marka irudiaren argazkira heltzeko, makroinkesta bat egin da Euskal Herri
osoan. Hizkuntzek ere badute bere irudia, badituzte inguratzen dituzten marko asoziatibo eta gogo-loturak.
Hizkuntza politika eta plangintzan markagintza eta marketinetik datozen jakintzak baliatzeko
oinarria jartzea da lan honen proposamena. • Hitz gakoak: markagintza, hizkuntza, marketina, euskara,
hizkuntza-plangintza.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin-behineko ondorio batzuk
iñigo Beitia zabala
Artikulu honetan hizkuntza eta kulturaren arteko uztarketaz jardungo da, hizkuntzaren
biziberritzeari begira garrantzitsuak izan daitezkeen gakoak eskaini ahal dituelakoan. Hein honetan,
azken urteetan egin diren ikerketetan oinarrituta, artikuluan zehar gaiaren gaineko garapen teoriko bat
egiten da lehenik, amaieran eredu bat proposatzeko asmotan. Antropologia, neurozientziak, hizkuntza-
-antropologia eta hizkuntzaren biziberritze prozesuan oinarrituko gara honetarako. Funtsean, biziberritzeari
dagokiola hausnarketa bide berri bat zabaltzea da helburuetako bat. Azkenik, ondorioztatuko da
hizkuntzaren biziberritzean funtsezkoa dela hizkuntza kultur testuinguru batean lantzea, aukera honek
hizkuntzaren erabilera areagotu dezakeen heinean. • Hitz gakoak: Hizkuntzaren kultur testuinguraketa,
Hizkuntza antropologia, Soziolinguistika, Hizkuntzaren biziberritzea.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
Zumaian ELE aplikatzeko oinarriak
Xabier Azkue Ibarbia
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa indarra hartzen ari da azken urteotan, eta 179/2019
dekretu berriak ezustean harrapatu ditu udal asko; izan ere, aurrerantzean Euskal Autonomia Erkidegoko
udaletan legez aztertu beharko da zenbait planek nolako eragina izan lezaketen euskararen erabileran,
gehienbat hirigintza alorrean aldaketak planteatzen direnean. Tresna edo baliabidetzat hartu
behar da ELE, aukera ematen duelako malgu jokatu eta euskararen mesedetarako baliatzeko. Beraz,
ELE ebaluazioa tramite soila izan ez dadin, eta Zumaiako Udalak bere printzipioen arabera jokatzeko
modua izan dezan, udalerrian gaia kudeatzeko proposamena jorratu da lan honetan, urtebeteko epean
etorritako adibideekin. • Hitz gakoak: Herrigintza; zeharkakotasuna; elkarlana; euskara; prebentzioa.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
Hitanoa euskal hiztunen komunitate garaikidean: molde zaharretatik ertz berrietara
Beñat Muguruza Aseguinolaza, Garbiñe Bereziartua Etxeberria
Ez dira betiko garai onenak euskarazko lagunarteko tratamenduarentzat. Hitanoaren
ezagutzak eta erabilerak behera egin dute tai gabe azken hamarkada luzeotan. Oraindik erabiltzen den
lekuetan gero eta gehiago mugatzen ari da gizonezkoen arteko erabilerara, arrazoi ugari direla medio.
Azken urteotan hikako hizkeraren suspertze baten lekuko izaten ari garela dio hainbatek, eta lan honek
aztertu nahi du egungo egoera zein den loraldi horren baitan, eta ahalik eta argazki osoena eskaini nahi
du ertz ugariri erreparatuz: erabilera-datuak, transmisioa, genero aldagaiaren garrantzia, eta hitanoa
euskarazko kultura-munduan, besteak beste. Hemen ondorioztatzen dugu akademiak eta gizarte-mugimenduek
eskutik joan beharko dutela hitanoaren aparraldia apar hutsean gera ez dadin. • Hitz gakoak:
Hitanoa, transmisioa, generoa, hedabideak, kultura-adierazpenak, hiztun berriak.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
Hizkuntza erdigunera: Urola Kostako adinekoen osasun arretan hizkuntzak duen eragina aztergai
Saioa Martinez de la Hidalga Azkue
Hizkuntzak badu lekua osasungintzaren entitate konplexuan, obra nagusiko zimentua
dela esateraino. Kanada da aitzindaria hizkuntza eta osasun arretaren kalitatea aztertzen duten ikerketetan.
Euskal Herrian bizi dugun diglosia egoerak hizkuntza mugak pairatzea dakar eta adinekoena
da talde zaurgarrienetako bat. Gaur eta hemen, adineko eta euskaldun izatea menderakuntzarako bide
dira. Urola Kosta eskualdeko 65 urtetik gorako pertsonen osasun arreta eta hizkuntzaren arteko elkarrekintza
aztertzea izan da proiektuaren helburua. Galdetegia erantzun dutenen % 89k osasun arreta euskaraz
jaso nahiko lukeela adierazi du eta jasotzen duten osasun arretaren kalitatean hizkuntzari garrantzia
handia eman diote (5etik 4,64).Oro har, gustura daude osasun zentroetako euskarazko arretarekin,
baina % 42k berau hobetu daitekeela uste du. Aritzeko hariak behar dira, eta entzuteko belarriak. • Hitz
gakoak: Adinekoak, osasun arreta, kalitatea, euskara.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
Idatzizko trebetasuna testuinguru soziolinguistiko desberdinetako CLIL eta ez-CLIL ikasgeletan
Ainara Ortega Oar
CLILen (Content and Language Integrated Learning12) erabilera asko zabaldu da ingeles maila
hobetzeko tresna bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ere. Alabaina, EAEk badu jada hizkuntza
gutxitu bat mantentzeko murgiltze eredua, eta lan honetan CLILek eredu honetako ikasleen idatzizko
trebetasunean izan ditzakeen eraginak aztertu nahi dira. Horretarako, hiru eremu soziolinguistiko
desberdinetako bigarren hezkuntzako 138 ikasleren idatzizko argibide testuak batu dira curriculumeko
hiru hizkuntzatan. Testuak ESLCP-en (Jacobs et al., 1981) bidez aztertu ondoren, emaitzek hurrengoa
erakusten dute: (i) CLIL jarraitzen duten ikasleen ingeleseko idatzizkoek maila hobea erakusten dute
ez-CLIL taldeko ikasleekin alderatuta, (ii) eremu soziolinguistikoak CLILen emaitzak baldintza ditzake,
(iii) CLILek curriculumeko beste hizkuntzetan eragin negatiborik ez duela ematen du eta (iv) ikasleen
idatzizkoen artean nolabaiteko transferentzia kognitibo akademikoa antzeman da. • Hitz gakoak: CLIL,
idatzizko trebetasuna, testuinguru soziolinguistikoak, eredu eleanitzak, hizkuntza.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
D ereduan euskaldundutako Lizarrako hiztun berri gazteen euskararen erabilera
Ainhoa Pardina Arenaza
Lizarran murgilketa ereduan euskaldundutako gazte hiztun berrien hizkuntza erabilerak
aztertu nahi dira lan honetan. Bertan lehen hurbilketa bat aurkeztuko da, lau gazterekin gauzatutako
eztabaida talde baten eta lau banakako elkarrizketen bidez gauzatu dena, aurretik 35 gazteri pasatako
galdetegiaren bidez identifikatutako profil soziolinguistikoetako bat sakonago aztertzeko: proaktiboena.
Honela, sei parte hartzaileren emaitza batzuk ematera mugatuko gara lan honetan. Honekin guztiarekin
ikerketako parte hartzaileek euskara ia ez dutela erabiltzen Lizarrako beraien egunerokoan ikusi dugu,
bai, aldiz, unibertsitatean. Hala, mudak gauzatzeko lagungarriak diren hainbat faktore eta estrategia
aurkitu ditugu, baita mudak oztopatzen dituzten faktoreak ere, aipagarriena unibertsitatea delarik. •
Hitz gakoak: hiztun berriak, erabilera, muda linguistikoak, Lizarra.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
Euskararen esanahia(k): euskalgintzako testu multimodalen azterketa genero perspektibatik (1960-2018)
Onintza Legorburu Larrea
Askotan esan ohi da, euskara jendartean zabarkeriarekin, baserritartasunarekin, arlote
izatearekin edota baita umeekin ere lotzen dela. Baina zein izan da urteetan zehar euskalgintzatik euskarari
eman izan zaion esanahia? Eta zer diosku esanahi honek generoari dagokionean? Artikulu honetan,
galdera horiek erantzuten saiatu gara; euskalgintzako testu multimodalen azterketa bat eginez, genero
perspektiba ardatz hartuta. • Hitz gakoak: Esanahia, errepresentazioa, genero perspektiba, euskalgintza
eta testu multimodalak.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)
Eskualdeetako hizkuntza gutxituen estatusa Europar Batasunean
Magdalena Pasikowska-Schnass
Europar Batasunean, 40-50 milioi pertsonek eskualdeetako eta gutxiengoetako 60 hizkuntzetako
bat hitz egiten dute, horietako batzuk arrisku larrian daudelarik. Nazioarteko erakundeek, hala
nola Unesco, Europako Kontseilua eta OSCE, hizkuntza gutxituen galerari aurre egin eta beren eskubide
linguistikoak babesteko ekintzak abian jartzen dihardute.. Eskualdeen edo gutxiengoen eskubideak ez
errespetatzea arraza-bereizkeria da, giza eskubideen urraketa. Hizkuntza politika bere estatu kideen
eskumen esklusiboa den bitartean, EBk eskualdeetako eta gutxiengoen hizkuntzak sustatu eta babesteko
ekintzen alde egin dezake. Hala ere, EBko egungo egoera politiko eta ekonomiko konplexua ez da
ahalegin horien aldekoa. Edonola ere, urteetan zehar, Europar Batasunak hezkuntzari lotutako ekimenak
abiarazi ditu hizkuntzaren erabilera-esparru guztietan. Europako Parlamentuak eskualdeetako eta
gutxiengoen hizkuntzen sustapena babestu du eta arriskuan dauden hizkuntzak babesteko deia egin du.
Artikulu honek Europar Batasunaren egoera soziolinguistikoa deskribatzea du helburu, eta, era berean,
aniztasun linguistiko hori mantentzeko sortutako tresnak eta ekimenak partekatu. • Hitz gakoak: Europar
Batasuna, hizkuntza gutxituak, hizkuntza politika, lege-babesa, eskualdea.
PDF eta EPUB formatuetan eskaintzen da.
Erosi (3,00€)
Erosi (3,00€)