Zenbakia

Gazteak eta euskara

PDF formatuan eskaintzen da.

Hitzaurrea

Estibaliz Amorrortu Gomez, Jone M Hernández García


Ekintza-ikerketa partehartzailea euskararen hiztun aktibo bihurtzeko babesgune eta zubi-espazio

Estibaliz Amorrortu Gomez, Jone Goirigolzarri Garaizar, Ane Ortega Etcheverry
Euskararen hiztun aktibo bihurtu nahi duten hiztun gazteen mudantza-prozesua (Pujolar eta Gonzàlez 2013) erraztu dezaketen espazioetan jarriko dugu arreta. Ildo horretan, ekintza-ikerketa partehartzailea (Greenwood eta Levin, 2006) eginda burutu den Bilbo Handiko unibertsitate-ikasleen mudantza- prozesuak izeneko proiektua proposatu nahi dugu espazio gisa, eta erakutsi proiektu hori, eta burutzeko sortu den komunitate epistemikoa (Estalella eta Sánchez Criado 2018), mudantza-prozesuak errazteko espazioa izan dela berez, bai babesgune (Puigdevall, Colombo eta Puigdevall, 2019; Hernández, Iñarra eta Altuna, 2021, zenbaki honetan bertan) bai zubi-espazio (del Valle 2001). Espazio horrek, proiektuaren diseinua eta helburua bera kontuan hartuta, baldintza mesedegarriak eman ditu eraldaketa- prozesuetarako, bai hizkuntza-praktikei dagokienez (aktibazioa), bai pertsonen subjektibotasunei dagokienez, gazteek izandako hausnarketa kritikoaren prozesuari esker. Gazteen hizkuntza-ahalduntzerako eta eraldaketa-prozesurako funtsezkoak izan diren elementuak erakutsiko ditugu.• Hitz gakoak: gazteak, mudantza, ekintza-ikerketa partehartzailea, babesguneak, zubi-espazioak.


Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia

Olatz Altuna Zumeta, Jone Miren Hernández García
Gazteak euskararen eszenatokian izeneko ikerketa-lanaren helburua gazteen euskara-erabilera zertan den ulertzeko gako batzuk azaleratzea izan da. Horretarako, lau herri aztertu dira: Zumaia, Gernika, Pasai Donibane eta Amorebieta-Etxano. Hizkuntza-errealitatearen azterketa hiru ardatzek gidatu dute, bai informazioa biltzean, bai datuak aztertzean eta ondorioak lantzean: ideologikoa (ideia, errepresentazio, diskurtsoen mundua), harremanei loturikoa (adinkideen erreferentzi taldeetako praktika) eta identitarioa (bizipenei loturikoa). Euskarak hiru dimentsio horietan duen presentzia/ausentzia aztertu nahi izan dugu. Zer diskurtso dute gazte horiek euskarari buruz? Zer pentsatzen dute beren esperientzia linguistikoaz? Zer iritzi dute euskalgintzari buruz edo hizkuntza-politikari buruz? Non dago euskara beren eguneroko praktiketan? Non da euskara haientzako erreferente diren esparruetan? Azkenik, zer lotura pertsonal dute euskararekin? Zer pisu du euskarak beren emozioetan, nork bere burua definitzeko eta agertzeko moduan? • Hitz gakoak: euskara, gazteak, hizkuntza-ideologiak, hizkuntza-praktikak, eta hizkuntza-bizipenak.


Babesguneak: euskal hiztun gazteak aktibatzeko aukera

Jone M. Hernández García, Maialen Iñarra Arregi, Jaime Altuna Ramírez
Artikuluaren helburua “babesgunearen” nozioaz hausnartzea da. Kontzeptua D ereduko kirola izeneko proiektuaren (2016-2018) emaitza dugu, eta horren lanketak Euskara Kirolkide egitasmoari eman zion hasiera 2020an. Lerro hauek nozio horren garapen teorikoari eman nahi diete bide, behinbehineko izaera duten hainbat gogoeta plazaratuz. Artikuluan, nagusiki, hiru puntu landuko dira. Lehenik, babesgunearen kontzeptuari ikusten diogun aplikagarritasuna azalduko dugu. Horretarako, horren erabilerarako markoa ezarriko dugu aurrena, hau da, gure kasuan euskal hiztun gazteak eta, bereziki, euskal hiztun berriak. Ondoren, babesgunearen nozioaren genealogiaz arituko gara, kontzeptuak izandako garapenetik interesgarriak iruditzen zaizkigun ideiak azpimarratuz. Jarraian, kirol-arloan eta, bereziki, kirol-kluben esparruan babesgunearen kontzeptua garatzeko ikusten ditugun aukerez mintzatuko gara, D ereduko kirola egitasmoan izandako esperientzian oinarriturik. Testua borobiltzeko, eta ondorio gisa, egun babesgunearen nozioarekin lotuta antzematen ditugun zenbait erronka aipatuko ditugu. Hitz gakoak: euskara, babesgunea, gazteak, hiztun berriak, aktibazioa.


Taldean jardun, taldean hiztun

Jaime Altuna Ramírez, Jone Miren Hernández García
Praktika-komunitatea tresna egokia da hizkuntz ikerketarako, hiztun, talde eta gizarte-egituraren artean sortzen diren dinamikak aztertzen laguntzen baitu. Baina erabilgarritasun metodologiko horretaz gain, azken urteetan garatu ditugun ikerketa etnografikoetan, ikusi dugu praktika-komunitate horietan eta haien kideekin lan egiteak aukera ematen digula hiztun berriei hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesuan laguntzeko. Baita muda linguistikoa egiteko beharrezkoa den agentzia kolektiboa garatzen laguntzeko ere. Artikulu honetan kirol arloko praktika-komunitate batzuetan izandako esperientzian oinarrituko gara kirol eta hizkuntza praktiketan taldeak duen garrantzia ikusteko eta hikuntz identitate berriak garatzeko babesguneek izan dezaketen potentzialitatea proposatzeko. • Hitz gakoak: Praktika-komunitatea, Hiztun berriak, Muda, Nerabeak, Kirola, Babesgunea


Euskarabentura eta gazteen hizkuntza erabilera

Ainhoa Pardina Arenaza
Lan honetan EuskarAbentura espedizioko parte hartzaileen datuak aztertuko dira, espedizioak gazte hauengan duen eragina ikusi nahirik, erabileraren datuetan arreta jartzeaz gain, gaitasunaren eta jarreren datuei ere erreparatuz. Honela, parte hartzaileen euskararen erabileraren igoeran espedizioak eragina duela ikusiko dugu, baita honi dagokion arduran ere. Horrez gain, datuek erakutsiko digute gaitasunari nahiz jarrerei dagokien ezaugarri batzuek ere eragina dutela euskararen erabileran. Gainera, ikusiko dugu espedizioa bukatu eta urte erdira oraindik EuskarAbenturaren eragina mantentzen dela. Honela, esan daiteke proiektu hau onuragarria dela hizkuntza gutxituen “gure kasuan, euskararen” biziberritzeari dagokionean. • Hitz gakoak: Euskarabentura, erabilera, igoera, gaitasuna, jarrerak.


PULUNPA! Emozioetatik euskaraz

Odei Guirado IrasuegiORCID profila

Odei Guirado Irasuegi

oguirado@ehi.ikastola.eus
Ikastolen Elkartea
ORCID: https://orcid.org/0009-0007-5205-4595ORCID profila
Pulunpa egitasmoa, Euskal Herriko Ikastolen Elkartean garatutako egitasmo pedagogiko integrala da, ikasleen arteko euskararen erabileran eta haien euskal kulturarekiko atxikimenduan eragiteko sortua. Ikastolen Hizkuntza Proiektuaren barnean kokatzen da eta Zirimola Ikastolen Aisialdi Proiektua du oinarri. Hizkuntza, emozioa, jolasa eta ludikotasuna hartzen ditu programaren ardatz, eta prozesuan bizi izandako emozioak baloratuta egiten zaio proiektuari jarraipena. Horrela, helburua du ikasleen adimen emozionala landuz, konpetentzia emozionalak euskaratik garatzea. Hori egiteko, etengabeko jarraipen eta ebaluazioa egiten zaion zortzi saio nagusiko programa proposatzen du, zeinetan, Euskal Herriko antzinako egutegia jarraituz eta solztizio bakoitzari ongi etorria emanez, ikaslea eten gabe konektatzen den euskaraz, euskararekin, norbera bere buruarekin eta ondokoekin. • Hitz gakoak: hizkuntza, emozioak, jolasa, ludikotasuna


Ikasleen motibazioa handitzea, euskararekiko atxikimendua hobetzeko bidea

Yolanda Olasagarre Mendinueta, Rosa Ramos Alfaro
Aspaldiko kezkak dira ikasleen hizkuntzarekiko motibazioa, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera. Kezka horiei erantzuteko, gure ustez, ikerketa eta esku-hartzea elkarrekin bideratu behar dira. 2016-17 ikasturtean Nafarroan egindako DBH-ko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku hartzean ikasleen motibazioa eta hura elikatzeko egindako esku-hartzearen eragina aztertu genituen. Ikerketaren emaitzak abiapuntutzat hartuta, irakasleendako baliabideak berritzeko eta osatzeko beharra ikusi genuen hezkuntza zentroetan ikasleekin motibazioa eta atxikimendua lantzeko, alegia, esku-hartzea egiteko. Artikulu honetan gure ustez ikasleen hizkuntzarekiko motibazioa lantzerakoan kontuan hartu beharreko gako nagusiak jaso ditugu, aipatutako ikerketaren emaitza nagusiak laburbildu ditugu eta, azkenik, Motibazioa Sustatzeko Baliabideak blogean jasotako ibilbide eta jarduera proposamenen zergatia azaldu dugu. • Hitz gakoak: motibazioa, atxikimendua, Bigarren Hezkuntza, barne-gatazka, esku-hartzea, erabilera. Abstract. Students’ motivation


Hizkuntzaz besteko irakasgaietan euskararen ahozko erabilera indartzen

Inés García-Askoaga, Olatz Bengoetxea Manterola, Josune Zabala Alberdi
Artikulu honetan aurkezten den proiektuaren helburua izan da gelako euskararen ahozko erabileraren praktika onuragarriak identifikatzea eta haiek sustatzea. Hizkuntzaz besteko irakasgaiak erdigunean jarri eta arlo horietan ahozko erabilera indartzeko D ereduko hiru ikastetxeko irakasgaietako jarduerak grabatu dira bideoz, Lehen Hezkuntzako azken bi ikasturtetan eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloan. Proiektuan zehar irakas-jardueren grabazioak, haien azterketa eta irakasleen prestakuntza tartekatu dira. Fokua berbazko elkarrekintzan jarrita, eta irakasleekin elkarlanean, euskararen gaineko gogoeta egin da ikasleen ahozko adierazpidean eragiteko. Emaitzek agerian jartzen dute irakasleen prestakuntzak eraldaketa eragiten duela gelako jardueran, eta elkarrekintza-egoera aberatsagoak sortzen direla edukiak irakasteko orduan. Ikusitakoan oinarrituta, irakasleei beren irakasgaietan, haiek edozein direlarik, hizkuntza-irizpideak sistematikoki txertatzen laguntzeko gida bat eskaintzen da. • Hitz gakoak: ahozko euskararen garapena, hezkuntza eleaniztuna, irakasleen prestakuntza, bigarren hizkuntzaren irakaskuntza, hizkuntza-gaitasunak arloetan.