53. zenbakia ·
2004 (4)
Iritzia: EHE
Urko Aierbe, Unai Larreategi
Euskal jendartearen euskararen erabilera kezkagarriaren aurrean euskalgintzan eta baita beste hainbat eremutan diharduten talde ezberdinek ahaleginak egin dituzte urte hauetan zehar egoera hori irauli nahian. Eginahal honetan egongo ziren segur aski aurrerapauso egokiagoak emateko aukerak, euskaldun orok euskaraz egingo bagenu egoera oso ezberdina izango litzatekeela ere egia baita, baina ezin ahantz daiteke gaur egun euskararen egoeraren erantzuleak ez garela herritar euskaldunak, nahiz eta sarri gure burua zigortu. Egoera honen jatorria mendeetatik datorren hizkuntza ordezkapena eta horretarako erabiltzen diren tresnak dira, alegia egun ezarrita dauden euskararen lege zatiketa eta horren araberako hizkuntza politikak. Zeintzuk dira euskara erabiltzeko gaur euskal jendartean dauden aukerak eta esparruak? Nola ordezkatu da hizkuntzaren ezagutza eta erabilpena historian zehar? Oro har, aipatu tresna horiek lagundu baino, kalte egin diote euskararen erabilpenari, erabilerarako esparruak murriztu baitituzte.