31. zenbakia ·
1999 (2)
Iragana bukatu gabeko historiaz beterik dago
Jesus Naberan
Horretaz lehendik sinetsita banegoen ere, orain, EKBren sorrerako zertzeladez gogoratzea eskatu didatenean eta oroitzapenak astindu ditudanean, konbentzimendu hori berretsi egin zait.
Donostiara bidaiak.
Oso gogoan ditut garai hartako bilerak, 80ko hamarkadan, antzinako UZEIko lokaletan eta abar. Gogoan ditut Pauloren txostenak euskaren normalkuntzari buruz eta plangintza orokorraren premiari buruz. Gogoan euskararen inguruko herri taldeak sustatu eta koordinatu beharrari buruzko solasak, Euskararen Eguna antolatzeko aukerei buruzkoak...
Erakunde eta euskara talde ezberdinetako jendea biltzen ginen, nahiz eta gutxitan suertatu asko batera biltzea. Ni neu AEKko ordezkari gisa joaten nintzen, eta orain esango dizuet zein asmorekin.