Zenbakia
Immigrazioa, hizkuntza-aniztasuna eta euskara
PDF formatuan eskaintzen da.Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza aniztasunaren mapa. Immigrazioko biztanleriaren jatorriaren araberako hurbilketa
Xabier Aierdi, Belen Uranga, Maialen Iñarra
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren biztanleek hitz egiten dituzten hizkuntza guztiei
buruzko datuak biltzeko ez da oraindik prozedura formal edo protokolorik ezarri. Eustatek soilik
euskarari eta gaztelaniari buruz biltzen ditu datuak, eta, ondorioz, migrazio-mugimenduek sortzen duten
hizkuntza-aniztasunaren berri jasotzeko aukerak bi dira: biztanleekin harremanetan, ikerketa kualitatiboak
egitea, eta, bestetik, jatorriaren datuak aztertuz, biztanle horiekin EAE-ra etorritako hizkuntzak
identifikatzea, betiere, jakinik, identifikazio hori hipotesi-mailakoa dela. Hala egin da EAEko Hizkuntza-
aniztasunaren mapa egitasmoan, eta, artikulu honetan, azterketa horren emaitzak laburbildu dira.
Azterlanean, jatorri atzerritarreko biztanleen jatorri-estatuetako hizkuntza ofizialak eta beste hizkuntza
gutxitu batzuk hartu dira kontuan. Hitz gakoak: migrazio-hizkuntzak, hizkuntza ofizialak, hizkuntza
minorizatuak, euskara.
Euskara eta immigrazioa EAEn
Julia Shershneva
Atzerriko jatorriko pertsonen integrazio linguistikoa da gairik garrantzitsuena ikerketa
soziologikoan, hala ere, testuinguru elebidunetan, EAEko bezalakoan, horrek gehitutako konplexutasuna
adierazten du. Horrela, atzerriko jatorriko populazioaren euskararen erabilera ikertzen duten ikerketa
oso gutxi dira. Artikulu honen helburua da 2018ko EABI inkestaren datu kuantitatiboak aztertzea,
aldagai anitzeko teknikak erabiliz. Emaitzei dagokienean, alde batetik, euskara komunikazio hizkuntza
bezala etxebizitzan erabiltzen duten atzerriko jatorriko pertsonen tipologiak deskribatzen dira, eta, bestetik,
euskararen jakintza-maila nahikoa edo ona duten pertsonen tipologiak. Hitz gakoak: integrazioa,
euskara, immigrazioa, EABI.
Jatorri atzerritarreko biztanleen hizkuntzak, hizkuntza-bizipenak eta -jarrerak Gipuzkoan
Belen Uranga
Gipuzkoako hizkuntzen mapa proiektuak jatorri atzerritarreko biztanleriaren hizkuntza-aniztasun
handia jarri zuen agerian 2018an eginiko lehen txostenean. Hizkuntzei buruz informazioa jasotzeko
protokolo zehatzik ez dagoenez, proiektu horrek hipotesi-mailan 120 hizkuntza baino gehiago hitz
egin daitezkeela Gipuzkoan aurreikusi zuen, herrialdean erroldatutako biztanle atzerritarren jatorria
aztertuta. Jatorri atzerritarreko biztanleen hizkuntzak, bizipenak eta jarrerak Gipuzkoan proiektuak horiengana
hurbiltzeko ikerketa kualitatiboa egin du, ezagutzeko zein diren hizkuntza horiek, baita hiztunek euren
hizkuntzekiko eta Gipuzkoan ofizialak diren euskara eta gaztelaniarekiko dituzten iritziak, jarrerak eta
praktikak ere. Artikulu honetan, ikerketa horren parte bateko emaitzak eskainiko dira, alegia, hiztun-kopuru
handiko taldeko kideen artean eta jatorrian gaztelania ofiziala dutenen taldean eginiko ikerketaren
emaitzak. Hitz gakoak: Gipuzkoako hizkuntzak, immigrazioko
Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararekin eraiki duten harremana ulertzeko gakoak
Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu
UEMAko Iñaki Arregi bekari (2019) esker egindako lanaren ideia nagusiak jasotzen dira
artikulu honetan. Azken hamabost urteetan udalerri euskaldunetara bizitzera etorri diren herritarrak
aztertu dira ikerketan. Zehazki, jatorriz Euskal Herriz kanpoko herritar erdaldunak izan dira hizpide,
eta euskararekin sortu duten harremanean arakatu da, bertan eragiten duten faktoreak eta sortu diren
lotura motak. Faktore sozialek eta bizitza proiektuaren ezaugarriek garrantzia berezia dutela ikusi da,
eta horren araberako tipologia bat proposatzen da euskararekin duten lotura ulertzeko. Hitz gakoak:
migrazioa, erdaldunak, euskara, udalerri euskaldunak, arnasguneak, ikerketa kualitatiboa.
Euskara ardatz izanen duen jendarte kohesioa helburu, etorri berriei harrera eta kultur aniztasuna Bortzirietan
Urko Ikardo, Patri Arburua
Immigrazioa eta euskara da gaia. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak duela bi hamarkada
ekin zien hizkuntza harrera eta migrazio prozesuen ondoriozko hizkuntza eta kultura aniztasuna
lantzeari, dagozkion helburu eta jarduera esparrutik, hau da, euskararen biziberritzea lortzea
eskualde mailan. Urteen joanean izan da bilakaerarik, bai gaia lantzeko ikuspegiari dagokionez, bai migrazioek
eta gure jendarte kulturalki eta linguistikoki gero eta anitzagoek planteatzen dituzten erronkei
erantzuteko bitarteko eta jarduerei dagokienez. Ibilbide dagoeneko luze horretan, bereziki erreparatu
zaio mankomunitateko planetan gaia zehar lerro gisa lantzeak dakarrenari, abian diren zenbait egitasmoren
azalpenean zertxobait sakontzen da, eta, aitzinera begira, euskara ardatz izanen duen jendarte
kohesioa helburu, planteatzen diren erronka nagusiak begiz jotzen dira. Hitz gakoak: Etorri berriak,
euskara, hizkuntza harrera, kultur eta hizkuntza aniztasuna.
Etorri berrien harrera integral baterako gako nagusiak, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruan
Mario Zapata
Abiapuntu gisa, hizkuntzen kudeaketa zein exogenoa den kultura-aniztasunaren kudeaketa ditugu, biak zeharkako gai edo lan-ildoak. Hain zuzen ere, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruek berezko ikuspuntua ekartzen diote kultura-aniztasunaren kudeaketari.
Kultura-aniztasunaren kudeaketan, garrantzi handiko gaia dugu etorri berrien harrera. Baina, aipaturiko testuinguru soziolinguistikoak, berezko ikuspuntua ekartzen dio harrerari eta, zuzenki, mahai gainean jartzen du harrera integral planteamendu baten beharra, gutxiagotutako hizkuntzarekin loturiko harrera linguistikoa bere baitan harturik.
Aldizkari honetan argitaratu genuen artikulu batean, harrera-eragile sozialen zeregina aztertu genuen, hizkuntzen trataeraren ikuspuntutik. Artikulu honetan, gaiaren inguruko ikuspegi zabalagoa erabili dugu. Hain zuzen ere, etorri berrien harreran integraltasuna bermatzeko beharra jarri dugu mahai gainean eta plan orokor baterako hainbat gako proposatu ditugu: printzipioak, estrategia, lan-ildoak, egitura eta baliabideak.
Nola berrezarri oreka ekolinguistikoa?
Carme Junyent
Artikulu honen hasieran hizkuntzen egoera globala azaltzen da, haien mehatxuei eta suspertzeari
dagokienez, ondoren funtsezko gai bati heltzeko: nola lortu mendeko hizkuntzek bizirik irautea
minorizatuak izan diren eta egun hizkuntza askoren helmuga diren eremuetan. Kontuan izanik leku
oso eleaniztunetan hitz egiten diren hizkuntzak direla hizkuntza menderatzaileen presioari hobekien
eusten diotenak, artikuluak planteatzen du estrategia jakin batzuen bidez (gaitasun pasiboa, ulergarritasuna,
etab.) iritsi berri den aniztasuna baliatu daitekeela komunitate eleaniztun bat sortzeko, hizkuntzen
dinamika aldatzeaz gainera aurre egingo diona hizkuntza menderatzailearen presioari. Hitz gakoak:
Ordezkapen linguistikoa, elebitasuna, eleaniztasuna, migrazioak, aniztasun linguistikoa.