49. zenbakia ·
2003 (4)
Ikastola eta eskoletan euskararen erabilera indartzeaz gogoeta
Erramun Osa
1. ATARIKOA
“Izan, ala ez izan” Shakespeare-k (1564-1616) Hamlet-en ahotan jarritako esaldi gogoangarria euskararen eta euskarazko irakaskuntzan aritu izan diren eta hala diharduten askoren barreneko pentsamenduak laburbiltzen dituen esaldia da, beharbada. Izan ere, Euskal Herrian gertaturiko mintzaldatzeari (language shift) galga jartzeko ez ezik euskararen indarberritzea gertatu ahal izateko ere, eskolaren[1] zein helduen euskalduntze eta alfabetatzearen ekarpena garrantzi handikoak izan dira. Ingurumari horretan, Cooper-en “maintenance of a language implies its acquisition by the next generation” ildotik, Euskal Herrian gertatutako dislokazio demografikoari[2] (Fishman) zein ahultze soziokulturalari buelta emate horretan gogotik ahalegindu gara ikastoletan, eskoletan, zein euskaltegietan. Lortutako emaitzek ez gaituzte erabat gogobete, ordea, eta, besteak beste, euskal lurralde batzuetan euskararen ezagutzak gora egin arren, adin talderik gazteenetan, euskararen erabilerak maila bereko hazkunderik ez izatea kezka iturri da gure artean.