65. zenbakia ·
2007 (4)
Hizkuntza komunitateak eta kultura euskara elkarteen ikuspegitik
Karmen Irizar
Kultura bezalako kontzeptu zabala ez da erraza definitzen, nahiz eta gure eguneroko
bizitzako parte den eta giza portaeretan hainbeste eragiten duen. Hizkuntza komunitate
guztiek dute zuzenean berauekin lotuta dagoen kultura bat eta jendarte gehienek
hainbat kultura ezberdinen eragin zuzena dute. Kultura guztiek dituzten ezaugarri
komunak zerrendatu eta tokian tokiko berezitasunak aipatu eta azal daitezke, baino
definizio bakarra hertsiegia litzateke denboran zehar eta batetik bestera hain
aldakorra den zerbait azaltzeko. Hala ere, kultura bat osatzen duen ezaugarri
aniztasun horren artean badira komunitate baten identifikaziorako pisu berezia
hartzen duten berezitasunak eta euskara elkarteen ikuspegitik hizkuntza (euskara)
da euskal komunitatea identifikatzen duen ezaugarririk behinena.
Hortaz, hizkuntza komunitateen ikuspegitik landu nahi genuke gaia guk. Hizkuntza
kulturaren erdian jarri eta definizio bila baino, euskal kulturan eragiten duten
faktoreek eta euskara elkarteek zein Topaguneak kultur sorkuntza eta hedapenean
duten egitekoaz arituko gara.