36. zenbakia ·
2000 (3)
Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta normalkuntza
Xabier Isasi Balanzategi
Badirudi plangintzen garaia iritsi dela Euskal Herrira. Biziberritzeko planak, normalkuntza planak, plangintza estrategikoak, kudeaketa planak,.... Planak eta plangintzak noiznahi, nonahi eta zernahirako. Kontu horietan hasi besterik egin ez dugunean eta plangintzak eta kuantitatibismoaren aurkako ahots kritikoak agertu zaizkigu. Batzuk arrazoiz eta borondate onez gogorarazi digute gogoeta eta eztabaida beharrezkoa dela.
Hizkuntzaren normalkuntzan, hizkuntzei buruzko teoria sozialetan, bereziki soziolinguistikan, elementuren bat ezinbestekoa bada zerbait ulergarri eraikitzeko, hizkuntza bera da ezinbestekoa. Pernandoren egia bota dudala pentsa daiteke eta, zintzo esanda, horrela da. Baina, badirudi batzuei ahaztu egin zaiela. Badirudi batzuek euskararen hizkuntza- komunitatea eraiki nahi dutela euskara bera existitu ez bailitzan. Begi bistakoa da euskararen hizkuntza-komunitatean euskara dela muina eta ardatza. Hori jakina dela, inplizitu dagoela, ez dela aipatu behar eta antzekorik esan diezadaketenei, hizkuntzaren beraren egoera zertan den ezagutzea ezinbestekoa dela ihardetsiko nieke.