59. zenbakia · 2006 (1)

HITZAURRE GISA 59 ZKIA

Maria-Jose Azurmendi
BAT aldizkariaren 59. zenbaki honetan Ipar Euskal Herriko (IEH) euskararen egoerari buruzko lanak jasotzen dira, 58. zenbakian Nafarroa Garaiari (NAE = Nafarroako Autonomi Erkidegoa, ofizialki) buruz egin genuen moduan. Bi kasuetan ikuspegi orokorra eman nahi izan dugu, eta, horregatik, arlo ezberdinak lantzen dira, zenbaki gehienetan ez bezala. Normalean, arlo bereziak monografikoki Hego Euskal Herriko (HEH) Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) kokatuta landu izan dira; eta orain, aldizkarian oreka modukoa lortu nahi izan dugu. Zentzu horretan, aldizkariaren bilakaeran alderdi on asko ikus badaitezke ere, alderdi ez oso on bat behintzat badu: Euskal Herria (EH) bere osotasunean askotan ez aztertu izana, EHn egin diguten sailkapen politiko-juridiko-administratibo bera guk ere jarraitu izana. Horrela bada, BAT aldizkariaren 58. eta 59. bi zenbaki hauek beraien artean, eta baita aurreko zenbait zenbakirekin ere, osagarriak dira. IEHko euskararen egoera adierazteko mota ezberdinetako lanak jasotzen dira zenbaki honetan: ikuspegi globala eta berezia adierazten dutenak; besteen ikerketen emaitzak batzuetan eta artikulu-egileen beraien azterketak besteetan agertzen dituztenak; deskribapenak egiten dituztenen ondoan azalpenak ematen dituztenak; bilakaeran izan diren egitasmoak (hezkuntza edo kultura tradizional arloetan, adibidez); eta beste batzuetan, egungo egoeran sortzen ari diren egitasmoak (euskararen inguruan erakundetze eta instituzionalizatze publikoa, adibidez). Lan batzuetan batez ere alderdi positiboak azpimarratzen dira eta beste batzuetan alderdi negatiboak; zenbait gauza ziurtasunez adierazten dira, baina beste batzuk nahiko zalantzarekin; askotan hausnarketa aberatsak azaltzen dira; beste askotan gerorako irtenbideak edo esperantzak ere proposatzen dira. Lan guztiak dira beharrezkoak, ikuspegi zabala jasoz adierazgarri gertatzen direlako, nahiz eta hitzaurre gisako hau prestatzeko nahiko egoera konplexua, kontraesanekoa, eta zalantzazkoa adierazten duten. Euskararen egoera IEHn konplexua da, besteak beste, zerbait ulertzeko eta interpretatzeko alderdi eta ezaugarri asko, agian gehiegi, hartu behar direlako kontuan; adibidez: 1) Gaur egun azpimarratzen diren ideologi nagusiak: globalizazioa, neoliberalismoa, informazioaren garrantzia, konstrukzionismoa, autogestioa, indibidualismoa, produktibitatea, ekonomizismoa, inmigrazioa, hiritartasun eraikuntza berria, eta abar; eta horren nagusitzat hartu nahi ez badira ere, agerian daudenak: lekukotasuna, etnikotasuna, eskubideak orokorrean eta hizkuntzen edo nazioen eskubideak ere bai, hizkuntza komunitateak, identitatea, hiritartasuna, ...