63. zenbakia ·
2007 (2)
Hezitzaileen prestakuntza eskola orduetatik kanpoko esparruan
Jaime Altuna Ramirez
AISIALDIA ETA ESKOLA ORDUETATIK KANPOKO JARDUERAK: KOKAPENA ETA ZEHAZTAPENAK
Tradizionalki ikastetxeek haurren aisialdian esku-hartze handirik
izan ez badute ere (eskola orduak aisiarako orduen antitesia izan dira, lanerako
orduen pareko), azkenaldian, eskolek aisialdiko eragile gisa duten pisua gero
eta handiagoa bihurtu da. Esku-hartze hori eskola orduetatik kanpoko ekintzetan
(kirola, musika, antzerkia…) eta bestelako aisialdi jardueretan gertatu da (udalekuak,
egonaldiak, ludotekak...). Horrekin batera, azken urteetan, euskararen normalizazioan
lanean ari diren eragileek lan horretan aisialdiak duen garrantzia azpimarratu
eta hizkuntza geletatik ateratzeko beharra azpimarratu dute. Dena den, aisiaren
kontzeptua eta egoera zehaztean, nahasketa handiak gertatu dira eta, maiz, gehiegi
definitu gabeko esparruaz aritzen gara. Sarrera gisa, beraz, kontzeptu zehaztapen
batzuk egingo ditugu zertaz ari garen hobeto ulertzeko.