38. zenbakia ·
2001 (4)
Euskaraz Bizitzeko Hitzarmena
Itziar Amonategi
Ukatu ezina da, azken hogei urte hauetan, euskararekiko kezka hedatzearekin batera alor batzuetan, behinik behin, lan eskerga egin da. Gure artean ez dira falta izan euskararen aldeko ekimenak, baina, era berean, euskara ez da behar adina sustatu hizkuntza baten normalkuntzarako beharrezkoak diren funtzio guztietan.
Azken hamarkadak garapen, lan eta arazo berriak ekarri dizkio euskarari, eta etorkizunak gehiago dakarzkio oraindik. Horrexegatik, euskalduntze-prozesuak arrakasta izango badu, gaurtik ekin behar zaio lanari. Ezinbestekoa da euskararen erabilera bermatzea euskararen normalkuntzarako funtsezkoak diren gizarteko arlo guztietan. Hau da, administrazioan, komunikabideetan, hezkuntzan, kulturan, legerian eta, jakina, enpresen munduan. Horixe da, hain zuzen, Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenaren erronka: euskara, pixkanaka, guztion eguneroko tresna bihurtzea konpromiso zehatzen bidez.