59. zenbakia · 2006 (1)

EUSKARA IPARRALDEKO KOMUNIKABIDEETAN

Luzien Etxezaharreta
  1. AURRERAPEN GUTXI 25 URTEZ 2006 urteko irudia, komunikabideetan euskararen tokiari begira, hogei urte lehenagokoen antzekoa da. Ez da urrats nagusirik egin 1981eko udazkenean Euskara eta Euskal Kulturaren Jardunaldiak gertatu zirenetik. Orduan, Frantziako Gobernua sozialisten esku zela eta, euskararen ofizialtasuna eskatu zen, erdi hitzez hitzemana zen bezala, aldi berean eskatzen zela irrati eta telebista mailan “bi frekuentzien” bideratzea, bata euskaraz eta besta frantsesez. Ez da horrelakorik gertatu eta Euskal Kultur Erakundea 1990ean sortu bazen ere, herri mugimenduetatik atera ziren “euskal irratiek” dute, partez eta ahal mugatuekin, euskarazko irratien errealitatea aurrera eraman. Euskal Telebistaren onespena botere publikoengandik eta udalen arteko sindikaten laguntza errepikagailuen jartzeko, urratsak izan ziren, bainan Estatu frantziarraren esku diren “zerbitzu publikoek” guztiz aurrerapen eskasak baizik ez zituzten eskaini. Euskal Irratiak, Xiberoko Botzak, Irulegiko Irratiak, Gure Irratiak, eta Antxeta Irratiak egin duten Konfederazioaren urratsa ere bada, baina oraindik prekaritatea nagusi da, onespen ofizialak izan arren, finantzamendu iraunkorren arazoa beti pil-pilean dago. Prentsa idatzian ere, hogei urteren buruko egoera berdintsua da: Herria astekari euskaldunak darrai, irakurlegoaren apaltzeko arrisku nabariarekin, Berriak, Euskaldunon Egunkariaren ondotik ez du ere nagusiki euskaldunen irakurlegoa aldatu.