31. zenbakia ·
1999 (2)
Euskara etorkizuneko erronken aurrean
Xabier Mendiguren Bereziartu
Euskarak, Europako hizkuntza zaharrena den honek, datorren milurtekoan aurrez aurre izango dituen desafio edo erronkei buruz gero eta gehiago hitz egin da gure artean aspaldi honetan. Baina zaharrena den hizkuntza hau zentzu batean nerabe edo gaztetzat ere har dezakegu gizartean betetzen dituen funtzioei, corpusaren arautzeari eta abarri bagagozkie. Baserri-giroko gizartean funtzio batzuetarako egokitasun nabaria landu zuen bezala, beste maila batzuetan, administraziokoan adibidez, bigarren mailan edo ia erabat jokoz kanpo gelditu zen.
Azken urteotan euskarak eta euskal munduak ahalegin eskerga burutu du hiri-girora bere burua moldatzen, corpusa arautuz eta hizkuntza betekizun berrietarako prestatuz, nahiz eta Euskal Herri osoari begiratuz gero oraindik alde nabariak dauden ahalegin horren emaitza gizarteratzeari dagokionez. Bestalde, ez da ahaztu behar euskara ofiziala dela EAEn, Nafarroan hiru estatusen menpean dagoela, eta Iparraldean ez duela inolako ofizialtasunik.