52. zenbakia ·
2004 (3)
Euskara eta immigrazioa
Agustin Unzurrunzaga
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bi miloi zortziehun mila pertsona inguru bizi gara, bi milioi berrehun mila EAEn eta seiehun mila Nafarroan. 2002ko abenduaren 31n, 24.201 atzerritar bizi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, indarreko egoitza baimena zutenak; Nafarroan, 18.956 pertsona. Administrazio egoera irregularrean dauden pertsonen kopurua zehaztea ez da lan erraza. Erroldaren zenbakiak eta Osakidetzak eta Osasunbideak banatutako osasun txartelen kopurua aintzat hartuta, EAEn zazpi mila inguru eta Nafarroan hamabost mila inguru direla uste da. Beraz, EAEn 32.000 pertsona lirateke (herritarren % 1,45), eta Nafarroan 44.000 (herritarren % 7,3). Barne Ministerioko zenbakiek, indarreko lan baimenei eta egoitza baimenei buruzkoek, errealitatea beheratzeko joera dute. Erroldak, aldiz, zenbakiak puzten ditu, mugikortasuna ia-ia kontuan hartzen ez duelako —kontuan hartzekoa da mugikortasuna nahiko handia dela egoera irregularrean dauden etorkinen artean—.