31. zenbakia ·
1999 (2)
Euskalgintza eta euskararen erronkak hurrengo menderako. Hiru bertso nahi den neurria eta doinuan
Mattin Irigoien
Horra nonbait han egiten didaten bete ezinezko enkargua aldizkari honetarako.
Hala ere, nahiz gaiari buruzko ikuspegi argi eta orokorrik ez ukan, saiatuko naiz isopa ukaldi zenbaiten emaitera han hemenka, bizi naizen tokitik ikusten dudanetik emanik, araiz bazterrean diren beste batzuen osagarri izanen direlakoan eta haiei kontra itxura zerbait hartuko dutelakoan. Araiz (nahiz araiz-en eiherak ez sekulan deus eho izan�»)!
Erronkak dugun diagnostikatik jalgitzen baitira, noala hortik hastera.
Gauza bat begi bixtan dugu azken urteetan Ipar-Ekialde huntan: euskara likidazio egoeran dugu. Likidazio egoera gorrian. Euskal sena, izanaren kontzientzia... berdin. Inkesta sozio-linguistikoek argi erakutsi digute 25 urtez goitikakoenen bilakaera gai horretan, guhaurrek imaginatzen dugu adin hortaz petik ja peko errenkan gaudela. Transmizio katea etena da. Erakaskuntza elebidunak (denak barne) minoria du hezten eta D ereduak hazteko lanak ditu.