40. zenbakia ·
2001 (2)
Euskal Herriko gaztetxoen hizkuntz egoera aztertzeko eredu orokorraren proposamena
Iñaki Martinez de Luna
1. Sarrera
Euskal herriko gaztetxoen hizkuntz egoera aztertu eta balorapen hauek osatzeko ondoren aipatzen diren hiru lan izan ditugu zutabe. Batetik, Euskal Herriko 13-14 urteko nerabeei buruz egindako eta argitaratu den ikerlan bat dugu informazio iturri[1]; bestetik, informazio hori aztertzen laguntzeko V. Euskal Soziologia Kongresuko Hizkuntzaren Soziologia azpitaldean aurkeztutako gogoeta-lanaren eskemari (Olaso et al. 2001) jarraitu diogu; azkenik, Joxe Manuel Odriozolak egindako proposamen metodologikoaz (Odriozola 1995) baliatuko gara, gure eredua osatzeko.[2] Material horiek erabili ez ezik, zeregin honetan AMIA aztertze-eskema[3] ezagunaz baliatuko gara.