38. zenbakia ·
2001 (4)
Europako Justizia Auzitegiaren epaia produktuen etiketaia-hizkuntzari buruzko auzi batean
Imanol Esnaola
Ondoren laburbilduko dugun epaia aurreko artikuluan Milian i Massana katedradunak esandakoa osatzera dator. Epaia Milian i Massana jaunak artikulua argitaratu ondorengoa da eta gure aburuz irakurleak biak ezagutu behar ditu gaia zertan den jakiteko.
Beljikan gertatu ziren Auzitegiak epaitzen dituenak. Flandrian kokaturiko azalera handiko saltoki bi dira aurrez aurre daudenak. Saltokiok auzian Bigg´s eta Colim izenez agertzen dira.
Colim enpresak eskatuta ikuskatzaile judizial batek Bigg´s saltokian produktu askoren etiketan oinarrizko informazioa tokiko hizkuntzan idatzi gabe zegoela ikusi zuen. Bigarren ikustaldian oraindik bazen hogeita hamarren bat produktu antzeko ezaugarriekin. Horretan oinarrituz 1996ko irailaren 27an Bigg´s-en saltoki horretanan hizkuntza arauak betetzen ez zituzten 48 produkturen salmenta debeka zekion eskatu zion epaileari Colim-ek.