31. zenbakia · 1999 (2)

EKBren ibilbidetik bada zer ikasi

Fernando Muniozguren
Zein balorazio egin behar dugu azken 25 urteotako euskararen aldeko herri mugimenduek egindako ekarpenaz?.Zein EKBrenaz?. Horra hor BAT aldizkari honetako lagunek erantzuteko jarritako puntuak. Luzamenduetarako aukerarik ez dagoenez, nire jardunak bigarren punturi erantzungo dio, EKBren desagertzeak zer pentsatua eman behar baitigu euskalgintzan dihardugunoi. Barrutik ezagutu ez dudanez, euskalgintzako eskuhartzaile eta agente moduan, saiatuko naiz neure gogoetatxoa plazaratzen. Hala eta guztiz ere gogoratu beharra dago gerra osteko herri mugimenduak 60. hamarkadaren azken aldera hasten direla azaleratzen: gaueskolen eta ikastolen mugimenduak ziren; biak ere Euskaltzaindiaren euskara batuaren oinarrizko ebazpenen inguruan sortutako giroaren berotasunean. Baina, bazen horren aurretik ere baziharduenik. Eta aukerari muzin egin barik, horietako bat, duela hilabete batzuk zendu den Imanol Laspiur eibartarra ekarri nahi dut gogora, bere izan baitzen aintzindarietako bat euskara eskolak eman, materiala sortu, eta ikastola sustatzen jardundakoa.