31. zenbakia ·
1999 (2)
EKBren 16 urteko lanaren memoria
EKB (Euskal Kulturaren Batzarrea)
Euskal Kulturaren Batzarrearen (EKB) ibilbidea laburbildu eta jaso nahi da ondoko memoria honetan. 16 urtetan zehar euskara eta euskal kulturaren berreskurapen eta normalkuntzaren alorrean lanean diharduten erakunde sozialen Konfederazioa izan den erakunde honen emana lerro gutxi batzuetan biltzea ez da lan erraza, eta egindako hamaika ahalegin eta ekimen aipatzeke uzteko arriskua dago gainera. Ezinbestean, hainbat eta hainbat jarduera, zailtasun, oztopo, lorpen eta bizipen itzalpean geldituko dira. EKBk euskarari eta euskalgintzari egindako ekarpenaren islada izan nahi du bilduma honek. Ekarpen horren atzean, noski, hamaika erakunde-elkarte eta euskaltzale dago, dinamizatzaile, arduradun, ordezkari, laguntzale, babesle zein lankide gisa lan eskerga egin dutenak urte hauetan guztietan. Bereziki gogoratu nahi ditugu EKBren sorreratik bertatik bultzatzaile izan ziren Eusebio Osa eta Joxemi Zumalabe lagunak. Izan zirenei eta direnei, guztiei, eskerrik beroenak EKBren izenean.