63. zenbakia · 2007 (2)

Udalerrien garrantzia euskararen erabileran

Xabier Mendiguren Bereziartu
    Azken hilabeteotan puri-purian egon da ele biko irakastereduen gaineko eztabaida: lau aditu-taldek: juridikoak, soziolinguistikoak, psikolinguistikoak eta operatiboak txostenak atondu dituzte, ondoren estatuko eta nazioarteko beste aditu talde batek bere iritziak eman dituzte azterturiko gaien inguruan eta azkenik Tontxu Campos, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak bere proposamena egin du orain arteko irakastereduak gainditzeko markoaz eta abian jarri da Lege Biltzarrean etorkizunean gure irakaskuntza-sistema hizkuntzei dagokienez gidatuko duen prozesua. Esan beharrik ez dago aditu guztiek agerian jarri dutela honelako prozesuak duen konplexutasuna eta bertan eragina duten faktoreen askotarikotasuna, eta ondorioz, ez dagoela formula sinple eta errazik gure helburu lortzeko, hots, 16 urteko gazte euskaldun eleaniztunak sortzeko.