40. zenbakia · 2001 (2)

Ohar zenbait euskara normaltze aldera

Koldo Zuazo
OHARRA: Honako txosten hau Euskaltzaindiaren XV. Biltzarrean irakurri zuen egileak.   Euskaltzaindiak Euskararen Herriari onura handia ekarri zion Euskara Batua aurkeztu zuenean, 1968an. Alderdi guztietako euskaldunek batak besteari ulertzea, euskara esparrurik jaso eta teknikoenetan erabili ahal izatea, norbere herrialdea baino gorago badela Euskal Herri bat ikustea, erdaldunek euskaraz ikastea, geroz eta estuagoak ziren euskararen mugak zabaltzea, eta, azken batean, euskara hizkuntza mailara jasotzea ekarri du Euskara Batuak. Euskarak bizirik irauteko ezinbesteko urratsa zen Euskara Batua, eta, zalantzarik gabe, bizigarri gertatu da. Baina hizkuntzak bizirik iraungo badu, bere osotasunean iraun behar du bizirik, eta hizkera estandarra edo Euskara Batua indartsu dagoen arren, hizkuntza osatzen duten hizkeretako bat besterik ez da, eta kontua zera da: gainbehera datozela gainerako hizkerak. Gainbehera dator haur hizkera, gainbehera gazte hizkera, gainbehera lagunarteko hizkera, gainbehera lanbideetako hizkerak edo argotak, eta gainbehera euskalkiak. Azken batean, beraz, –eta esan dezagun argi eta garbi– gainbehera dator oraindik euskara bera.