58. zenbakia · 2006 (1)

NAFARROAKO IKASTOLAK IRAGANETIK ETORKIZUNERANTZ

Irene Lopez-Goñi, Pello Mariñelarena

I- HAINBAT OHAR HISTORIKO Aunitzetan gure erroak non dauden antzemateko hala nola gure lanak zer garrantzia izan duen aztertzeko epe luzexeagoak behar ditugu darabilzkigunak baino. Orain euskarak Nafarroan daukan egoera ez da betidanik izan duena eta gaur egungo Nafarroako Gobernuak euskararekiko daukan jarrera ez da beti izan duen bera. Artikulu honen lehen zatian saiatuko gara agertzen ikuspegi zabal batetik Nafarroako euskaltzaleok eta ikastolok XX. mendean zehar egindako lanaren kokapena, epe luzeagoek etorkizuna proiektatzen laguntzen dutelakoan. Halaber antzemanen dugu gaur egungo egoera eta NIEko ikastolek duten erronka instituzionala zein pedagogikoa.