36. zenbakia · 2000 (3)

Nafarroako administrazio publikoetan erabilera arautzeko dekretua

Dabid Anaut Peña
Idatzi honetan aztertu eta baloratuko duguna Nafarroako Gobernuak prestatu duen zirriborro bat da, hain zuzen ere Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzeko dekretu berriaren zirriborroa. Dekretuaren azterketa sakon, zorrotz eta xeheak artikulu honen luzera aisa gaindituko luke eta aurrekarien eta dekretuaren beraren hustuketa ere egitea eskatuko luke. Gu, hain ur sakonetan murgildu gabe, eskualde euskaldunean izan dezakeen eraginaz balorazio bat egiten saiatuko gara. Oro har, dekretuaren idazkerak berak, bere zakarrean, dekretuaren asmoa zein den garbi erakusten du. Honen erakusgarri, esaterako, 22. artikuluko esaldia: "Las Administraciones Públicas de Navarra con sede en la zona mixta no tienen ninguna obligación de calificar el conocimiento del vascuence como preceptivo para acceder o proveer los puestos de trabajo incluidos en sus plantillas, salvo en los dedicados a labores de traducción vascuence-castellano". Horrelako esaldi batek beste deusek baino argiago erakusten du zein den egilearen asmoa, zein dekretuaren helburua. Ustez, gisa honetako dekretu batek administrazioen betebeharrak zein diren arautu beharko luke. Bete behar ez dituzten obligazioak zein diren, alegia, zer egitera ez dauden behartuta adieraztea harritzekoa da, susmagarria akaso.