Zenbakia

119. zenbakia · 2021 (2)

Immigrazioa, hizkuntza-aniztasuna eta euskara

10,00


PDF fitxategia

Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza aniztasunaren mapa. Immigrazioko biztanleriaren jatorriaren araberako hurbilketa

Xabier Aierdi, Belen Uranga, Maialen Iñarra
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren biztanleek hitz egiten dituzten hizkuntza guztiei buruzko datuak biltzeko ez da oraindik prozedura formal edo protokolorik ezarri. Eustatek soilik euskarari eta gaztelaniari buruz biltzen ditu datuak, eta, ondorioz, migrazio-mugimenduek sortzen duten hizkuntza-aniztasunaren berri jasotzeko aukerak bi dira: biztanleekin harremanetan, ikerketa kualitatiboak egitea, eta, bestetik, jatorriaren datuak aztertuz, biztanle horiekin EAE-ra etorritako hizkuntzak identifikatzea, betiere, jakinik, identifikazio hori hipotesi-mailakoa dela. Hala egin da EAEko Hizkuntza- aniztasunaren mapa egitasmoan, eta, artikulu honetan, azterketa horren emaitzak laburbildu dira. Azterlanean, jatorri atzerritarreko biztanleen jatorri-estatuetako hizkuntza ofizialak eta beste hizkuntza gutxitu batzuk hartu dira kontuan. Hitz gakoak: migrazio-hizkuntzak, hizkuntza ofizialak, hizkuntza minorizatuak, euskara.
Erosi (3,00)

Euskara eta immigrazioa EAEn

Julia Shershneva
Atzerriko jatorriko pertsonen integrazio linguistikoa da gairik garrantzitsuena ikerketa soziologikoan, hala ere, testuinguru elebidunetan, EAEko bezalakoan, horrek gehitutako konplexutasuna adierazten du. Horrela, atzerriko jatorriko populazioaren euskararen erabilera ikertzen duten ikerketa oso gutxi dira. Artikulu honen helburua da 2018ko EABI inkestaren datu kuantitatiboak aztertzea, aldagai anitzeko teknikak erabiliz. Emaitzei dagokienean, alde batetik, euskara komunikazio hizkuntza bezala etxebizitzan erabiltzen duten atzerriko jatorriko pertsonen tipologiak deskribatzen dira, eta, bestetik, euskararen jakintza-maila nahikoa edo ona duten pertsonen tipologiak.  Hitz gakoak: integrazioa, euskara, immigrazioa, EABI.
Erosi (3,00)

Jatorri atzerritarreko biztanleen hizkuntzak, hizkuntza-bizipenak eta -jarrerak Gipuzkoan

Belen Uranga
Gipuzkoako hizkuntzen mapa proiektuak jatorri atzerritarreko biztanleriaren hizkuntza-aniztasun handia jarri zuen agerian 2018an eginiko lehen txostenean. Hizkuntzei buruz informazioa jasotzeko protokolo zehatzik ez dagoenez, proiektu horrek hipotesi-mailan 120 hizkuntza baino gehiago hitz egin daitezkeela Gipuzkoan aurreikusi zuen, herrialdean erroldatutako biztanle atzerritarren jatorria aztertuta. Jatorri atzerritarreko biztanleen hizkuntzak, bizipenak eta jarrerak Gipuzkoan proiektuak horiengana hurbiltzeko ikerketa kualitatiboa egin du, ezagutzeko zein diren hizkuntza horiek, baita hiztunek euren hizkuntzekiko eta Gipuzkoan ofizialak diren euskara eta gaztelaniarekiko dituzten iritziak, jarrerak eta praktikak ere. Artikulu honetan, ikerketa horren parte bateko emaitzak eskainiko dira, alegia, hiztun-kopuru handiko taldeko kideen artean eta jatorrian gaztelania ofiziala dutenen taldean eginiko ikerketaren emaitzak.  Hitz gakoak: Gipuzkoako hizkuntzak, immigrazioko
Erosi (3,00)

Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararekin eraiki duten harremana ulertzeko gakoak

Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu
UEMAko Iñaki Arregi bekari (2019) esker egindako lanaren ideia nagusiak jasotzen dira artikulu honetan. Azken hamabost urteetan udalerri euskaldunetara bizitzera etorri diren herritarrak aztertu dira ikerketan. Zehazki, jatorriz Euskal Herriz kanpoko herritar erdaldunak izan dira hizpide, eta euskararekin sortu duten harremanean arakatu da, bertan eragiten duten faktoreak eta sortu diren lotura motak. Faktore sozialek eta bizitza proiektuaren ezaugarriek garrantzia berezia dutela ikusi da, eta horren araberako tipologia bat proposatzen da euskararekin duten lotura ulertzeko. Hitz gakoak: migrazioa, erdaldunak, euskara, udalerri euskaldunak, arnasguneak, ikerketa kualitatiboa.
Erosi (3,00)

Euskara ardatz izanen duen jendarte kohesioa helburu, etorri berriei harrera eta kultur aniztasuna Bortzirietan

Urko Ikardo, Patri Arburua
Immigrazioa eta euskara da gaia. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak duela bi hamarkada ekin zien hizkuntza harrera eta migrazio prozesuen ondoriozko hizkuntza eta kultura aniztasuna lantzeari, dagozkion helburu eta jarduera esparrutik, hau da, euskararen biziberritzea lortzea eskualde mailan. Urteen joanean izan da bilakaerarik, bai gaia lantzeko ikuspegiari dagokionez, bai migrazioek eta gure jendarte kulturalki eta linguistikoki gero eta anitzagoek planteatzen dituzten erronkei erantzuteko bitarteko eta jarduerei dagokienez. Ibilbide dagoeneko luze horretan, bereziki erreparatu zaio mankomunitateko planetan gaia zehar lerro gisa lantzeak dakarrenari, abian diren zenbait egitasmoren azalpenean zertxobait sakontzen da, eta, aitzinera begira, euskara ardatz izanen duen jendarte kohesioa helburu, planteatzen diren erronka nagusiak begiz jotzen dira.  Hitz gakoak: Etorri berriak, euskara, hizkuntza harrera, kultur eta hizkuntza aniztasuna.
Erosi (3,00)

Etorri berrien harrera integral baterako gako nagusiak, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruan

Mario Zapata
Abiapuntu gisa, hizkuntzen kudeaketa zein exogenoa den kultura-aniztasunaren kudeaketa ditugu, biak zeharkako gai edo lan-ildoak. Hain zuzen ere, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruek berezko ikuspuntua ekartzen diote kultura-aniztasunaren kudeaketari. Kultura-aniztasunaren kudeaketan, garrantzi handiko gaia dugu etorri berrien harrera. Baina,  aipaturiko testuinguru soziolinguistikoak, berezko ikuspuntua ekartzen dio harrerari eta, zuzenki, mahai gainean jartzen du harrera integral planteamendu baten beharra, gutxiagotutako hizkuntzarekin loturiko harrera linguistikoa bere baitan harturik. Aldizkari honetan argitaratu genuen artikulu batean, harrera-eragile sozialen zeregina aztertu genuen, hizkuntzen trataeraren ikuspuntutik. Artikulu honetan, gaiaren inguruko ikuspegi zabalagoa erabili dugu. Hain zuzen ere, etorri berrien harreran integraltasuna bermatzeko beharra jarri dugu mahai gainean eta plan orokor baterako hainbat gako proposatu ditugu: printzipioak, estrategia, lan-ildoak, egitura eta baliabideak.
Erosi (3,00)

Nola berrezarri oreka ekolinguistikoa?

Carme Junyent
Artikulu honen hasieran hizkuntzen egoera globala azaltzen da, haien mehatxuei eta suspertzeari dagokienez, ondoren funtsezko gai bati heltzeko: nola lortu mendeko hizkuntzek bizirik irautea minorizatuak izan diren eta egun hizkuntza askoren helmuga diren eremuetan. Kontuan izanik leku oso eleaniztunetan hitz egiten diren hizkuntzak direla hizkuntza menderatzaileen presioari hobekien eusten diotenak, artikuluak planteatzen du estrategia jakin batzuen bidez (gaitasun pasiboa, ulergarritasuna, etab.) iritsi berri den aniztasuna baliatu daitekeela komunitate eleaniztun bat sortzeko, hizkuntzen dinamika aldatzeaz gainera aurre egingo diona hizkuntza menderatzailearen presioari.  Hitz gakoak: Ordezkapen linguistikoa, elebitasuna, eleaniztasuna, migrazioak, aniztasun linguistikoa.
Erosi (3,00)
Menua