30. zenbakia · 1999 (3)

GATAZKAK eta AKORDIOAK gizarte hizkuntzanitzetan: Finlandia

Kenneth D. McRae
Marko konstituzionala eta instituzionala Azken hamarkadetako Belgika edota Kanadarekin konparatuz gero, Finlandian hizkuntzei buruzko konstituzio eta legegintzako akordioek garbi erakusten dute bertan egonkortasun instituzional azpimarragarria dagoela. Lehenengo kapituluan adierazi dugun bezala, independentziaren lehen urteak oso garrantzitsuak izan ziren. Urte horietan hizkuntza eta bestelako gai etnokulturalak gobernu berriaren agenda betetzen zuten gai serioetako batzuk besterik ez ziren. Bi hizkuntz komunitaterik garrantzitsuenen arteko harremanak hiru multzo hauetan tratatu eta erregulatu ziren batez ere: 1919ko Konstituzioan, 1920an Åland uharteentzat propio egindako lege berezietan, eta azkenik, hizkuntzei buruz 1921ean eta 1922an onartutako hainbat legetan. Legegintza jarduera aldi emankor horren ondoren, berriz, gutxi gorabehera zazpi hamarkada iraun duen nolabaiteko egonkortasun instituzionala etorri da. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan hizkuntz lege berriek eraso ugari jasan zuten nazionalismo finlandiarraren aldetik, 1935ean egindako zuzenketa batzuen kasuan izan ezik. 1962 eta 1975ean egindako doikuntza batzuez gain, lege horiek bi fenomeno jasan dituzte: suedieradunen jaitsiera demografiko luze eta geldoa alde batetik, eta komunitate horren talde identitate bereizgarriaren ahultzea bestetik (gai hori 2. eta 3. ataletan aipatu da). Garai horretan aldakuntza formalek baino garrantzi handiagoa izan zuten orokorrean gizarte mailako usadio eta ohituren aldaketa sakonek; baita sistemaren izpirituan gertatutakoak ere, oro har hartuta. Dena den gai horiek azterketa sakonagoa eskatzen dute, eta hain zuzen ere, horren nabarmenak ez diren faktore horien eragina garbiago azalduko da atal honetan aurrera egin ahala.