38. zenbakia · 2001 (4)

Frantziako hizkuntza politika(k) epe luzera: alde sendo eta ahula

Henry Boyer
OHARRA: Honako lan hau “Polítiques lingüístiques a països plurilingües�» izeneko jardunaldietan Henry Boyer irakasle jaunak emandako hitzaldiaren itzulpena da. Txosten honetan Frantziako estatuan izandako prozesu glotopolitikoaren1 hainbat gauza azpimarratu nahiko nituzke: batetik, prozesu horren konplexutasuna eta iraupena; eta, bestetik, horren berariazkotasuna, prozesua “salbuespeneko�» bihurtzen baitu. Horra hor, zergatik dauden, milurtekoaren amaiera honetan, hain egoera kritikoan –desesperatuan ez esateagatik– Frantziako hizkuntza gutxituak, edo ofizialki –eta modu desegokian– eskualdeetako hizkuntza deitutakoak. Frantziaren historia soziolinguistikoan –eta ondorioz glotopolitikoan– beti unilinguismoa bilatu izan da, unilinguismo zorrotza eta tinkoa. Batasuna inposatzeko joera (Bordieu-k esango lukeen bezala indarkeria sinboliko gehiago edo gutxiagorekin) bi esparrutan eman da: interlinguistikoan nahiz intralinguistikoan. Eta joera horren emaitza azpimarratzeko erabili dut, hain zuzen, Unilinguismo hitza, eta ez monolinguismoa edo elebakartasuna.