38. zenbakia · 2001 (4)

Euskararen transmisioa gaur: ikerketa tresnak eta estrategiak

Jone Miren Hernández García
Hizkuntz transmisioa eta, era berean, kultur transmisioa dira egun nire zeregin ikertzailea bideratzen duten kezka nagusiak. Euskararen transmisioa dut, adibidez, tesiaren gai nagusi. Ikuspuntua eta lan ildoak antropologia sozialetik datoz. Hizkuntz eta kultur transmisioa aipatu ditut, baina artikuluaren hainbat momentutan transmisioa era orokor eta zentzu irekian planteatuko dut, gogoeta hauek kezka teoriko zabalei lotuta baitaude. Artikulua bi zatitan egituratu dut. Lehenengoan, bi gai nagusiak landuko ditut. Batetik azken hamarkadetan -euskara dela eta- hizkuntz transmisioaren inguruan egindako ikerketak eta hainbat hausnarketa aipatuko ditut labur-labur. Bestetik, ikerlan horien ondorioz, euskararen transmisioa definitzeko eta aztertzeko garaian erabili izan diren irizpide nagusiak bildu eta eztabaidatuko ditut, horiek aldagai berrietara egokitzeko proposamen orokorra luzatuz.