58. zenbakia · 2006 (1)

EUSKARA NAFARROA GARAIKO ADMINISTRAZIOAN

Rosa Ramos AlfaroORCID profila

Rosa Ramos Alfaro

alfarorosa@ni.eus
Uharri Soziolinguistika Aplikatua
ORCID: 0009-0006-9385-7733ORCID profila
  Hizkuntza komunitate batek ezin du bizirik iraun, bere baitan belaunaldiz belaunaldi hizkuntza transmitituko duten mekanismoak osasuntsu ez badaude. Hori esanda burura datorkigun lehenengo eragile soziala familia bada ere, argi dago, gaur egun, familia ez dela transmisioaren eragile bakarra. Ondoan hezkuntza, aisialdia, edo komunikabideak jarri beharko genituzke, gure ikuspuntua zabala eta errealista bada, bederen. Eragile horiek hizkuntza transmititu eta gero, hau da, hiztun berriek hizkuntza jaso eta gero, pertsonen arteko harremanetan erabili behar da jasotakoa, hizkuntza galduko ez bada. Baina ezinbesteko diren bi baldintza horiek (transmisioa eta pertsonen arteko harremanetan erabiltzea) ez dira nahikoak egungo gizarte konplexuetan hizkuntza komunitate baten biziraupena luzera begira ziurtatzeko: hizkuntzak gizarteko erabilera publikoetan ere presente egon behar du, eta erabilera publiko horien artean instituzioak, administrazio-erakundeak, funtsezkoak dira (*1).