40. zenbakia · 2001 (2)

Euskal komunitatearen bizindarra Gipuzkoako bost herritan

Jose Felix Diaz de Tuesta
1.- Sarrera Datorren urtean hogei urte beteko dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea onartu zenetik. Lege horrek herritarrei hizkuntza eskubideak aitortzen dizkie eta, era berean, hizkuntza normalkuntza lortzeko erakunde publikoen betebeharrak ezartzen ditu. Bestelakoak dira Nafarroa eta Iparraldeko marko legalak. Harrez geroztik, erakunde publiko gehienek hizkuntzaren normalkuntzari ekin diote, aurretik ez zuten borondate eta baliabideekin. Gizarte ekimenak, berriz, gogo eta indar berriekin euskararen normalkuntzaren alde jarraitu du. Zeintzuk dira, baina, egindako lanaren emaitzak? Hori da behin eta berriro hizkuntza normalkuntzan ari garenok geure buruari eta elkarri galdetzen dioguna. Eta ez da erraza izaten horretan ados jartzea. Euskararen egoerak hobera ala txarrera egin du azken berrogei edo hogei urteotan? Hobera egin badu, zertan eta zenbat aurreratu da? Zeintzuk dira euskararen indarguneak eta ahuleziak? Hemen ere, zenbat buru hainbat aburu. Oraintsu arte ez dugu eskuartean izan euskararen egoeraren berri emango zigun ikerketa globalik. Ez zen harritzekoa, beraz, hizkuntza normalkuntzaren prozesuari buruz hain bertsio desberdin eta kontrajarriak izatea, iritzi horiek uste subjektiboetan oinarrituak baitziren.