Iñaki Martinez de Luna
1. Sarrera
Euskal herriko gaztetxoen hizkuntz egoera aztertu eta balorapen hauek osatzeko ondoren aipatzen diren hiru lan izan ditugu zutabe. Batetik, Euskal Herriko 13-14 urteko nerabeei buruz egindako eta argitaratu den ikerlan bat dugu informazio iturri[1]; bestetik, informazio hori aztertzen laguntzeko V. Euskal Soziologia Kongresuko Hizkuntzaren Soziologia azpitaldean aurkeztutako gogoeta-lanaren eskemari (Olaso et al. 2001) jarraitu diogu; azkenik, Joxe Manuel Odriozolak egindako proposamen metodologikoaz (Odriozola 1995) baliatuko gara, gure eredua osatzeko.[2] Material horiek erabili ez ezik, zeregin honetan AMIA aztertze-eskema[3] ezagunaz baliatuko gara.