49. zenbakia · 2003 (4)

Eskolaren kalitatea eta eskola

Itziar Idiazabal
    Euskararen kalitatearen inguruan sakontze-ahalegin bat baino gehiago egin da gure artean; ale honetan bertan dugu esaten ari garenaren lekukoa. Eskolaren kalitatea, berriz, hitzetik hortzera –bereziki politikariek– dabilen gaia bada ere, ez da horren jorratua gure artean. Nolanahi ere, hezkuntza arduradunen ezinbesteko helburua da. Alabaina, kalitatea aipatu nahi bada, gaur ez da nahikoa, haren oinarri gisa, norberaren edo autoritate baten, edota uste zabalaren babesa agertzea. Izan ere, egun kalitatea neurtu egiten da, ziurtatu. Hori ondo baino hobeto dakite enpresek, erakundeek, eta zenbait ikastetxek ere, beraientzat “ebaluaketa”, “kalitatea” berbak guztiz arruntak baitira. Jakina, kalitateaz, objetibotasun apur batez hitz egin ahal izateko, ezer baino lehen kalitate horren oinarri diren irizpideak argitu behar dira. Alegia, zer da balioztatzen den hori, eta zeren arabera egiten da balioztatzea? Arloan arloko jakintzak erakutsiko du bidea. Hizkeraren kalitateaz –euskararenaz- aritu garenean (Larringan & Idiazabal, prentsan) batez ere irizpideak zehazteari eskaini diogu ahaleginik handiena; jakina, horretarako derrigorrezkoa izan zaigu hizkuntzaren funtzionamendua modurik zehatz eta osatuenean azaltzen duen marko teorikoa ere baliatzea. Hizkuntzari eta euskarari buruz kalitateaz hitz egiteak, beraz, ezinbestekoa du aldez aurretik zehaztea zein irizpideren arabera egiten diren egiten diren balioztapenak.  Hizkuntza kontuetan baina, askotan, gehiegitan akaso, irizpideak propioak baino autoritateak, idazle klasikoak, akademiak, …  indar handiagoa izan ohi dute. Hizkuntzaren erabilera ondotik aztertu duenak badaki badirela bestelako bideak ere honako hau edo harako hura ondo edo oker dagoela baieztatzeko. Kontua bere horretan konplexua izanik ere, daitekeena dela gauzak zehaztasunez eta garantiaz erabakitzea.