40. zenbakia · 2001 (2)

Elkartasuna eta estatusa hizkuntz jarreretan: euskararen erabilera aurreikusten?

Estibaliz Amorrortu
SARRERA Hizkuntz plangintzaren arloan garrantzi handia eman zaie jarrerei. Komunitate linguistiko baten aldaketa soziala eragin nahi bada, gure kasuan hizkuntza minorizatuaren erabilera sendotu eta zabaldu nahi bada, hiztunen hizkuntz horrekiko jarrerak oso garrantzitsuak izango dira, aldaketa onartzea eta gauzatzea jarrera ona edukita errazagoa izango da eta. Horregatik, egoera linguistikoaren diagnosia egiten denean beti aztertzen dira hizkuntzarekiko eta bere aldeko plangintzarekiko jarrerak. Baina hizkuntz plangileek ez ezik psikologo eta soziologoek ere interes handia daukate hizkuntz jarreretan. Aldaera (dela dialektoa dela hizkuntza) batekiko jarrerak aztertuta aldaera hori egiten duten hiztunekiko dauden aurreiritzi eta estereotipoak azalarazten dira. Aldaera ezin da hiztunengandik banatu, haien adierazlerik argiena baita. Beraz, aldaerarekiko jarrera eta haren hiztunekikoa bat bera izango da.