30. zenbakia · 1999 (3)

EKBren desegitea

Olatz Osa
Donostian, 1999ko otsailaren 27an Euskal Kulturaren Batzarrearen (EKB) Nazio Batzordeak egin duen bilkuran, besteak beste erabaki hau hartu da: Aurrekariak EKBren helburu nagusiak erdiesten ari dira, arrakastaz gainera. Batetik, euskalgintza osoa edo ia osoa bilduko duen gune bat osatzea lortu da, Kontseilua. Bestetik, EKBk bere hastapenetik bultzatzen zuen Plangintza Orokorraren prozesua abian da, Kontseiluaren eskutik aurrera ateratzen ari den Plan Estrategikoa alegia. Gainera, Plan Estrategikoaren beharra eta gauzatzea gizarteko sektore zabal horretatik at, euskalgintzatik at, beste sektore batzuetara ere hedatzen ari da, hala nola, tokian tokiko administraziotara, lan mundura e.a. EKBk bere sorreratik aldarrikatu duen helburua gauzatzen dela ikustea euskalgintza osoaren lorpena da. Lorpen hauek eman daitezen EKBren ekarpena ere garrantzitsua izan da, historikoki euskalgintzarentzan funtsezko bilakatu diren beste proiektu batzuk (UEMA eta Euskaldunon Egunkaria kasu) aurrera atera ahal izateko egindako ekarpena bezalaxe. Eragite funtzioa, hots administrazio publiko, erakunde sozial eta politikoek euskararen aldeko urratsak eman ditzaten eragitea, funtsezko egitekoa da eta euskalgintzatik erantzun beharrekoa. EKBk zeregin honetan bete duen espazioa garrantzitsua izanik ere, ez da ondorioztatzen bilgune honek jarraitu behar duenik funtzio hori betetzeko. Jadanik eragite funtzioa euskalgintzako beste erakunde batzuk ere betetzen dute, hala ere, beharrezkotzat jotzen da ahal den neurrian EKBk bete duen espazioa hori euskalgintzako beste erakunde batek edo batzuk betetzen jarraitzea. Zerbitzuak, nazioarteko harremanak eta hainbat sektoretan bideratu izan diren dinamikak garrantzitsuak izanik ere eta euskalgintzan eta euskalgintzarentzat bere funtzioa betetzen dutela garbi izanik ere, ez dira EKBren betebeharretan lehentasunezko funtzioak izan. Hala ere, beharrezkoa ikusi da hainbat zerbitzu eta dinamikek segida izatea beste erakunde eta bide batzuetatik. Aurrekari hauek kontuan hartuz, hurrengo erabakia hartu du Nazio Batzordeak: