27. zenbakia · 1998 (3)

Diglosia

Charles A. Ferguson
Hizkuntz komunitate askotan hizkuntza beraren bi aldaki edo gehiago erabiltzen dituzte mintzatzaile batzuek egoera ezberdinetan. Adibide ezagunena, beharbada, hizkuntza estandarra eta eskualde jakin bateko dialektoa ditugu, italieran edo persieran erabiltzen diren bezala; horietan, izan ere, mintzatzaile askok beren tokiko dialektoa erabiltzen dute etxean edo lagun artean, baina hizkuntza estandarra beste dialekto batzuetako mintzatzaileekin komunikatzeko edo jendaurrean aritzeko. Halere, oso adibide ezberdinak aurki ditzakegu hizkuntz komunitate berak hizkuntzaren bi aldaki ezberdin erabiltzen dituen kasuetan. Bagdaden, esate baterako, arabiar kristauek "kristau arabiera" dialektoa erabiltzen dute beren artean hitz egiteko, baina Bagdadeko arabiera dialekto orokorra, "musulmanen arabiera", talde nahastu batean aurkitzen direnean. Azken urteetan interes handiz ekin zaio berriro hizkuntza estandarizatuen garapena eta ezaugarriak ikertzeari (ikus bereziki Kloss, 1952; estandarizazioaz oro har hark dakarren hitzaurre bikaina), eta interes horrexen ildotik nahi du ikerlan honek ongi aztertu estandarizazio mota jakin bat: komunitate baten barrena hizkuntza baten bi aldaki, bata bestearen aldamenean eta zein bere rolarekin, bizi diren kasua, alegia. "Diglosia" hitza sartu behar dugu hemen, frantsesezko diglossie eredu harturik, hura erabili izan baita egoera horietan, ingelesak ez du eta –oraingoz– fenomeno horrentzako hitz aproposagorik; Europako beste hizkuntza batzuek mota horretako "elebitasuna" adierazteko erabiltzen dute hitz hori normalean. ("Hizkuntza", "dialektoa" eta "aldakia" hitzak definizio zehatzik gabe darabiltzagu hemen. Espero dezagun horiek ezarritako erabileraren araberakoak gertatzea beti, lan honetan zalantzazko pasarterik izan ez dadin. "Gainezarritako aldakia" kontzeptua ere definiziorik gabe darabilgu hemen; esan nahi du aldaki hori ez dela mintzatzaileen lehenengo aldaki jatorrizkoa, baizik eta hartaz gain ikasitako bat. Azkenik, idazki honetan ez gara saiatu antzeko beste egoera bat aztertzen: bi hizkuntza ezberdin (elkarren ahaide edo ez) bata bestearen aldamenean bizi direna, zein bere rol zehatzarekin.