Bat Soziolinguistika Aldizkaria

Azkeneko zenbakia

122-123. zenbakia · 2022 (1)

TXILLARDEGI-HAUSNARTU SARIAK (2021)

10,00

BAT Soziolinguistika Aldizkaria 122/123, 2022 (1-2) | 5 | Andoain (Gipuzkoa)
ISSN 2659-5176 / ISSN-L 1130-8435 | Lege gordailua: SS120/90


PDF fitxategia

Hezkuntza soziolinguistikoa. Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena

Izaro Arruti eta Sandra Prieto
Lan hau Euskal Herriko gazteen profil soziolinguistikoan identifika daitezkeen bi ahulgunetatik abiatzen da: ezagutza eta erabileraren artean dagoen desoreka eta aurreiritzietan eragiteko beharra. Adituek soziolinguistikari eta hizkuntza-ekologiari buruzko hausnarketak egiteak eta ezagutza zientifiko hori ikasleei transmititzeak positiboki eragin dezakeela defendatzen dute. Era berean, maila ezberdinean, EAEko, Nafarroako, zein Ipar Euskal Herriko curriculumek ere lanketa hori egitea beharrezkoa dela ezartzen dute. Gauzak horrela, gure ikerketa-lanaren helburu nagusiak; Euskal Herrian soziolinguistika eta hizkuntza-ekologia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lantzeko dauden materialak eta baliabideak biltzea, horiek aztertzea eta sailkatzea, hezkuntza-komunitateko askotariko eragileek gaion lanketaren errealitateaz dituzten pertzepzio eta iritziak ezagutzea, eta osatutako sailkapena hezkuntza-komunitatearen eskura ipintzea dira. • Hitz gakoak: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, soziolinguistika, hizkuntza-ekologia, materiala, baliabideak.
Erosi (3,00)

Euskararen marka: marketinetik hizkuntza plangintzara

Estitxu Garai, Irati Agirreazkuenaga, Irene Garcia, Sergio Monge, Angeriñe Elorriaga, Patxi Azpillaga, Ainara Miguel, Naroa Jauregizuria eta Koldo Atxaga (NIK ikerketa taldea)
Euskararen marka-irudiaren azterketa da ikerlan honen muina. Markagintzaren alorretik datorren eremu kontzeptuala hizkuntzaren eremura ekartzea izan da lehenengo urratsa: hizkuntza markagintzaren kontzeptuari gorputz teorikoa ematea, alegia. Ondoren, focus taldeen teknika kualitatiboa erabili da oinarri teoriko horretan sakondu eta fase kuantitatiboa (inkesta) diseinatzeko urrats arakatzaile gisa. Azkenik, euskararen marka irudiaren argazkira heltzeko, makroinkesta bat egin da Euskal Herri osoan. Hizkuntzek ere badute bere irudia, badituzte inguratzen dituzten marko asoziatibo eta gogo-loturak. Hizkuntza politika eta plangintzan markagintza eta marketinetik datozen jakintzak baliatzeko oinarria jartzea da lan honen proposamena. • Hitz gakoak: markagintza, hizkuntza, marketina, euskara, hizkuntza-plangintza.
Erosi (3,00)

Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin-behineko ondorio batzuk

iñigo Beitia zabala
Artikulu honetan hizkuntza eta kulturaren arteko uztarketaz jardungo da, hizkuntzaren biziberritzeari begira garrantzitsuak izan daitezkeen gakoak eskaini ahal dituelakoan. Hein honetan, azken urteetan egin diren ikerketetan oinarrituta, artikuluan zehar gaiaren gaineko garapen teoriko bat egiten da lehenik, amaieran eredu bat proposatzeko asmotan. Antropologia, neurozientziak, hizkuntza- -antropologia eta hizkuntzaren biziberritze prozesuan oinarrituko gara honetarako. Funtsean, biziberritzeari dagokiola hausnarketa bide berri bat zabaltzea da helburuetako bat. Azkenik, ondorioztatuko da hizkuntzaren biziberritzean funtsezkoa dela hizkuntza kultur testuinguru batean lantzea, aukera honek hizkuntzaren erabilera areagotu dezakeen heinean. • Hitz gakoak: Hizkuntzaren kultur testuinguraketa, Hizkuntza antropologia, Soziolinguistika, Hizkuntzaren biziberritzea.
Erosi (3,00)

Zumaian ELE aplikatzeko oinarriak

Xabier Azkue Ibarbia
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa indarra hartzen ari da azken urteotan, eta 179/2019 dekretu berriak ezustean harrapatu ditu udal asko; izan ere, aurrerantzean Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan legez aztertu beharko da zenbait planek nolako eragina izan lezaketen euskararen erabileran, gehienbat hirigintza alorrean aldaketak planteatzen direnean. Tresna edo baliabidetzat hartu behar da ELE, aukera ematen duelako malgu jokatu eta euskararen mesedetarako baliatzeko. Beraz, ELE ebaluazioa tramite soila izan ez dadin, eta Zumaiako Udalak bere printzipioen arabera jokatzeko modua izan dezan, udalerrian gaia kudeatzeko proposamena jorratu da lan honetan, urtebeteko epean etorritako adibideekin. • Hitz gakoak: Herrigintza; zeharkakotasuna; elkarlana; euskara; prebentzioa.
Erosi (3,00)

Hitanoa euskal hiztunen komunitate garaikidean: molde zaharretatik ertz berrietara

Beñat Muguruza Aseguinolaza, Garbiñe Bereziartua Etxeberria
Ez dira betiko garai onenak euskarazko lagunarteko tratamenduarentzat. Hitanoaren ezagutzak eta erabilerak behera egin dute tai gabe azken hamarkada luzeotan. Oraindik erabiltzen den lekuetan gero eta gehiago mugatzen ari da gizonezkoen arteko erabilerara, arrazoi ugari direla medio. Azken urteotan hikako hizkeraren suspertze baten lekuko izaten ari garela dio hainbatek, eta lan honek aztertu nahi du egungo egoera zein den loraldi horren baitan, eta ahalik eta argazki osoena eskaini nahi du ertz ugariri erreparatuz: erabilera-datuak, transmisioa, genero aldagaiaren garrantzia, eta hitanoa euskarazko kultura-munduan, besteak beste. Hemen ondorioztatzen dugu akademiak eta gizarte-mugimenduek eskutik joan beharko dutela hitanoaren aparraldia apar hutsean gera ez dadin. • Hitz gakoak: Hitanoa, transmisioa, generoa, hedabideak, kultura-adierazpenak, hiztun berriak.
Erosi (3,00)

Hizkuntza erdigunera: Urola Kostako adinekoen osasun arretan hizkuntzak duen eragina aztergai

Saioa Martinez de la Hidalga Azkue
Hizkuntzak badu lekua osasungintzaren entitate konplexuan, obra nagusiko zimentua dela esateraino. Kanada da aitzindaria hizkuntza eta osasun arretaren kalitatea aztertzen duten ikerketetan. Euskal Herrian bizi dugun diglosia egoerak hizkuntza mugak pairatzea dakar eta adinekoena da talde zaurgarrienetako bat. Gaur eta hemen, adineko eta euskaldun izatea menderakuntzarako bide dira. Urola Kosta eskualdeko 65 urtetik gorako pertsonen osasun arreta eta hizkuntzaren arteko elkarrekintza aztertzea izan da proiektuaren helburua. Galdetegia erantzun dutenen % 89k osasun arreta euskaraz jaso nahiko lukeela adierazi du eta jasotzen duten osasun arretaren kalitatean hizkuntzari garrantzia handia eman diote (5etik 4,64).Oro har, gustura daude osasun zentroetako euskarazko arretarekin, baina % 42k berau hobetu daitekeela uste du. Aritzeko hariak behar dira, eta entzuteko belarriak. • Hitz gakoak: Adinekoak, osasun arreta, kalitatea, euskara.
Erosi (3,00)

Idatzizko trebetasuna testuinguru soziolinguistiko desberdinetako CLIL eta ez-CLIL ikasgeletan

Ainara Ortega Oar
CLILen (Content and Language Integrated Learning12) erabilera asko zabaldu da ingeles maila hobetzeko tresna bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ere. Alabaina, EAEk badu jada hizkuntza gutxitu bat mantentzeko murgiltze eredua, eta lan honetan CLILek eredu honetako ikasleen idatzizko trebetasunean izan ditzakeen eraginak aztertu nahi dira. Horretarako, hiru eremu soziolinguistiko desberdinetako bigarren hezkuntzako 138 ikasleren idatzizko argibide testuak batu dira curriculumeko hiru hizkuntzatan. Testuak ESLCP-en (Jacobs et al., 1981) bidez aztertu ondoren, emaitzek hurrengoa erakusten dute: (i) CLIL jarraitzen duten ikasleen ingeleseko idatzizkoek maila hobea erakusten dute ez-CLIL taldeko ikasleekin alderatuta, (ii) eremu soziolinguistikoak CLILen emaitzak baldintza ditzake, (iii) CLILek curriculumeko beste hizkuntzetan eragin negatiborik ez duela ematen du eta (iv) ikasleen idatzizkoen artean nolabaiteko transferentzia kognitibo akademikoa antzeman da. • Hitz gakoak: CLIL, idatzizko trebetasuna, testuinguru soziolinguistikoak, eredu eleanitzak, hizkuntza.
Erosi (3,00)

D ereduan euskaldundutako Lizarrako hiztun berri gazteen euskararen erabilera

Ainhoa Pardina Arenaza
Lizarran murgilketa ereduan euskaldundutako gazte hiztun berrien hizkuntza erabilerak aztertu nahi dira lan honetan. Bertan lehen hurbilketa bat aurkeztuko da, lau gazterekin gauzatutako eztabaida talde baten eta lau banakako elkarrizketen bidez gauzatu dena, aurretik 35 gazteri pasatako galdetegiaren bidez identifikatutako profil soziolinguistikoetako bat sakonago aztertzeko: proaktiboena. Honela, sei parte hartzaileren emaitza batzuk ematera mugatuko gara lan honetan. Honekin guztiarekin ikerketako parte hartzaileek euskara ia ez dutela erabiltzen Lizarrako beraien egunerokoan ikusi dugu, bai, aldiz, unibertsitatean. Hala, mudak gauzatzeko lagungarriak diren hainbat faktore eta estrategia aurkitu ditugu, baita mudak oztopatzen dituzten faktoreak ere, aipagarriena unibertsitatea delarik. • Hitz gakoak: hiztun berriak, erabilera, muda linguistikoak, Lizarra.
Erosi (3,00)

Euskararen esanahia(k): euskalgintzako testu multimodalen azterketa genero perspektibatik (1960-2018)

Onintza Legorburu Larrea
Askotan esan ohi da, euskara jendartean zabarkeriarekin, baserritartasunarekin, arlote izatearekin edota baita umeekin ere lotzen dela. Baina zein izan da urteetan zehar euskalgintzatik euskarari eman izan zaion esanahia? Eta zer diosku esanahi honek generoari dagokionean? Artikulu honetan, galdera horiek erantzuten saiatu gara; euskalgintzako testu multimodalen azterketa bat eginez, genero perspektiba ardatz hartuta. • Hitz gakoak: Esanahia, errepresentazioa, genero perspektiba, euskalgintza eta testu multimodalak.
Erosi (3,00)

Eskualdeetako hizkuntza gutxituen estatusa Europar Batasunean

Magdalena Pasikowska-Schnass
Europar Batasunean, 40-50 milioi pertsonek eskualdeetako eta gutxiengoetako 60 hizkuntzetako bat hitz egiten dute, horietako batzuk arrisku larrian daudelarik. Nazioarteko erakundeek, hala nola Unesco, Europako Kontseilua eta OSCE, hizkuntza gutxituen galerari aurre egin eta beren eskubide linguistikoak babesteko ekintzak abian jartzen dihardute.. Eskualdeen edo gutxiengoen eskubideak ez errespetatzea arraza-bereizkeria da, giza eskubideen urraketa. Hizkuntza politika bere estatu kideen eskumen esklusiboa den bitartean, EBk eskualdeetako eta gutxiengoen hizkuntzak sustatu eta babesteko ekintzen alde egin dezake. Hala ere, EBko egungo egoera politiko eta ekonomiko konplexua ez da ahalegin horien aldekoa. Edonola ere, urteetan zehar, Europar Batasunak hezkuntzari lotutako ekimenak abiarazi ditu hizkuntzaren erabilera-esparru guztietan. Europako Parlamentuak eskualdeetako eta gutxiengoen hizkuntzen sustapena babestu du eta arriskuan dauden hizkuntzak babesteko deia egin du. Artikulu honek Europar Batasunaren egoera soziolinguistikoa deskribatzea du helburu, eta, era berean, aniztasun linguistiko hori mantentzeko sortutako tresnak eta ekimenak partekatu. • Hitz gakoak: Europar Batasuna, hizkuntza gutxituak, hizkuntza politika, lege-babesa, eskualdea.
Erosi (3,00)