58. zenbakia · 2006 (1)

HITZAURRE GISA 58 ZKIA.

Maria-Jose Azurmendi
  Oraingo 58. zenbaki honetako dossierraren gai monografikoa euskararen egoera Nafarroa Garaian da. Gaia oso zabala da berez, zenbait aplikazio eremu, arlo, topiko eta abar jaso behar dituelako, nahiz eta bakarrik Nafarroa Garaiko lurraldeko testuingurura mugatu. Harritzekoa dugu horrela egitea, aurreko zenbakietako gai monografikoetako zenbait aplikazio eremu, arlo, eta topiko errepikatuko ditugulako; orduan gehienbat Euskal Autonomo Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetako testuingurura mugatu genuen eta orain, berriz, beste lurralde batera mugatuko dugu. Hau da, Euskal Herria (EH) politiko-administratiboki (baita ekonomikoki, sozialki, kulturalki, eta abar) hiru multzotan banatuta dagoenez, hiru hizkuntza politika eta plangintza ezberdin aplikatzen dira bertan; hiruretan emaitza ezberdinak lortzen direnez, hiru lurralde-multzoen arteko egoera soziolinguistikoak geroz eta ezberdinagoak dira. Ezinezkoa zaio EHri hizkuntza komunitate bakar moduan funtzionatzea. Zentzu honetan, aspaldidanik dakigu EAEn dugula hizkuntza politika eta plangintza aurreratuena, emaitza onenak bertan lortzen direla, eta egoera soziolinguistiko onena bertan dagoela. Nafarroa Garaian, ordea, egoera okerragoa da zentzu guztietan, zenbaki honetako artikuluetan adieraziko den bezala. Neurri batean beharrezkoa gertatu zaigu horrela jokatzea aldizkarian, nahiz eta beste neurri batean jakin badakigun horrela egitean EHko banatze politiko-administratibo bera errepikatzen dugula; eta beharbada banaketa bera baieztatzea ote da? Honez gain, Nafarroa Garaiari buruz ari gara, ez Nafarroari buruz besterik gabe, dakigunez Nafarroa ere bi multzo politiko-administratibotan banatuta dago-eta. Soziolinguistikoki begiratuta, Nafarroa Garaian ez dago hizkuntza politika eta plangintza bakarra lurralde (edo azpilarrualde?) osoan, baizik hiru zona soziolinguistiko bereizten dira, bakoitzarentzako hizkuntza politika ezberdina ezarriz: horrela, Nafarroa Garaia da euskararekiko egoera desestrukturatuena agertzen duen euskal lurraldea.