49. zenbakia ·
2003 (4)
Hizkuntza eta eskola
Lore Erriondo
Hizkuntza da pertsonen garapen kognitibo eta sozialerako oinarrizko tresna, eta laburbilduz, bere bilakaeran eragiten duten aldagaiak, norbanakoak eta sozialak dira. Hizkuntza eraikitzearekin batera eraikitzen dugu gure nortasuna eta bestearen laguntzaz lortzen dugu eraikin kulturala eta sinbolikoa eskuratzea, kanpo-mundutik jasotzen dugun zuzeneko hautematearen mugak gainditzea, lokera eta erlazio konplexuak adieraztea, kontzeptuak sortzea, ondorioak eraiki eta arazo teoriko konplexuak burutzea; funtsezkoa da, beraz, gizakien arteko hizkuntz harremana. Errealitatea ulertzeko eta kideen arteko komunikazioa hobetzeko premia dugulako garatzen da giza-hizkuntza, eta honen bitartez lortzen dugu, hain zuzen ere, ezagutza garatzea eta gizarte konplexutasuna antolatzea. Horregatik diogu ideiak elkarren artean trukatu ahal eta nahi izatea gizakien ezaugarria dela eta hizkuntza dela bereziki gizartekide egiten gaituena. Hizkuntzarik gabeko gizartean ez litzateke inola ere gizaki hiztunik garatuko, ez eta ezagutza, antolaketa, eta hauen transmisioa ere.