38. zenbakia ·
2001 (4)
Arlo komertzialeko hizkuntza araudi nagusiak beste herrialdeetan
Jacques Leclerc
Agur andere eta jaun,
Atsegina da niretzat gaurkoan zuekin batera arlo komertziala, iragarkiak, enpresen izenak, kontsumitzailearekiko zerbitzu hizkuntza eta abarri zuzendutako legediak egin dituzten herri zenbaiti buruz aritzea. Guk egunero jorratu nahi izaten dugun komertzioaren sektore zabal hori izango dugu aipagai gaurkoan. Jakin badakizue Quebec-en arlo honek legegilea kezkatu izan duela. Zer da, ordea, beste herrietan gertatzen dena?
Oro har, herri edo estatu gehienek ez dute legediarik behar izaten arlo honetan, arazo bereziak dituzten horiek izan ezik. Alegia, atzerriko hizkuntza bat hizkuntza nazionala edo ofizialaren lekua hartzen ari den herri edo estatu horietan izan ezik. Alde batera utziko ditut arlo jakin batzuetako legediak, ohiko kontsumoa duten produktuen etiketaia esaterako, hau da, jakien kontserba ontziak edo sendagaien erabilera arauak. Kasu hauek oso bereziak dira eta gutxi dira munduan bere herritarrek produktu hauek ezagutzen ez duten hizkuntza batean jasotzea onartzen dute herrialdeak, eta are gutxiago produktu horiek herrialdean bertan ekoitzi dituztenean.