40. zenbakia ·
2001 (2)
Gainbegirada bat hizkuntz jarrerei Euskal Herrian
Josu Perales
1. SARRERA
Sen hutsari jarraikiz bederen bidezkoa da pentsatzea hiztun-talde baten edota hizkuntza baten aldeko jarrerak dituenari maizago antzemango zaiola hiztun horiekiko harremanetarako joera edota bizikiago ahaleginduko dela hizkuntza hori ikasten edota erabiltzen. Hizkuntz jarrerak eta horiek gizakiongan duten eragina soziolinguistikan eta gizarte psikologian dira aztergai. Eta oso aintzat hartzen dira gaur egun bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren alorrean ere.
Bi sail nagusi bereizi ohi dira jarrerak zer diren esatekoan (Agheyisi & Fishman, 1970). Batetik, izaera kognitiboko definizioak daude eta, bestetik, portaera izaerakoak. Lehenengo saileko definizioen arabera, jarrerak interpretatze-sareak edo eskemak dira, gizakiak edozein objektu edo egoera ulertzeko erabiltzen dituenak. Bigarren sailekoen arabera, berriz, jarrerak objektu edo kinadaren aurrean gizakiak ageri duen jokabideari edo erantzuteko moduari dagozkie. Badago, halaber, hirugarren multzoa gaineratzen duenik ere. Izaera sozialeko definizioek dute hor tokia. Eta aitzindari dira definizio horiek Psikologia Sozialaren historian, nahiz eta berehalakoan ahaztuak izan (Valencia & Echebarría, 1992).