40. zenbakia · 2001 (2)

HITZAURRE GISA 40. ZKIA.

Imanol Esnaola
Aniztasuna goraipatu eta sustatu beharraren aldarria egiten da egun. Kultur aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna. Anitz herriak eta anitz hizkuntzak, arazoak, ordea, berdinak. Horixe da burura datokidana esku artean duzun soziolinguistika aldizkari honek biltzen dituen edukiak aipatzerakoan. Izan ere, Quebec-eko frankofilo nahiz anglofiloek euren komunitatearen iraupena ziurtatzearren eskatzen dituztenak euskaltzaleok gure egingo genituzke ingelesa edo frantsesa, anglofono nahiz frankofono jartzen duen lekuan euskara, euskaldunak eta Euskal Herria jarriz gero. Dosierrak Quebec-en une honetantxe mahai gainean dituzten gai nagusiak bildu nahi izan ditu: batetik frantsesaren geroratzeari begira beharrezkotzat jotzen duten lege babesa, bestetik anglofonoek komunitate gisa bizitzen jarraitzeko aldarrikatzen dituzten eskubideak eta azkenik etorkinen fenomenoak Quebec-en duen eragin soziolinguistikoa. Hirurak dira biziki jakingarriak eta hirurek dituzte egungo Euskal Herriak haragi bizitan sentitzen dituen arazoak ulertzeko gakoak. Lege babesa eraginkorra izan dadin zenbaterainokoa behar duen jakiteko aski dugu anglofono nahiz frankofonoen eskaerei erreparatzea. Bestalde, etorkinen fenomenoak egoera soziolinguistikoan duen eraginaz Jean Dorion adituak emandako azalpenak guri zer datorkigun iragartzeko balio dutelakoan nago.