Zergaitik eta zertarako erabiltzen ditugu euskara eta gaztelera solasaldi berean?
Inma Muñoa Barredo
imunoa@ehi.ikastola.eus
Ikastolen Elkartea
ORCID: 0009-0005-7807-9753
SARRERA.
70. hamarkadaren hasiera arte, kode-aldaketa baztertuta eta estigmatizatua izan da. Izan ere, semihiztunek ekoiztutako gramatikarik gabeko hizkuntzen nahasketa edo mordoilotzat hartu izan da (Grosjean, 1982: 157). Ikuspegi horren nagusitasuna erabatekoa izan zen, batez ere Weinreich-ek elebidun idealaz emandako definizioaren ondoren, alegia, norbanako hori hizketa-egoeran (hots, solaskide, gai, eta abarretan) beharrezkoak diren aldaketak gertatuz gero, kode edo hizkuntza batetik bestera mugituko litzateke, baina inoiz ez aldaketarik jasan ez duen hizketa-egoera baten barruan, eta are gutxiago perpaus bakar baten barruan (Weinreich, 1953: 73).