118. zenbakia ·
2021 (1)
Zein lege babes hizkuntza politikarentzat Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan?
Eneritz Zabaleta Apaolaza
2000 hamarkadaz geroztik, euskararen aldeko anbiziozko politikak onartu dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Anbizio hori egunerokoan txertatzeko momentua heltzean, baina, talkak sortzen dira frantsesaren monopolioa antolatu duen ordenamendu juridikoarekin. Euskararen politikak babesteko, ezinbestekoa da lege erreforma bat. Erreforma horretarako euskararen ko-ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideen aitorpena ez dira tresna erabilgarrienak. Bi printzipio horiek onartzeko, Frantziako identitate konstituzionala goitik behera aldatu behar litzateke. Egoera hori ikusiz, artikulu honek beste alternatiba konstituzionalak lantzen ditu, euskarari lege babes egokiagoa emateko. Tresna horiek botere publikoei inposatutako obligazio juridikoak dira, tokiko hizkuntzak Frantziako ondare konstituzional diren heinean. Euskararen lurralde estatus bat garatzeko ere, esperimentazio normatiboa martxan ezartzea aukera interesgarria izan daiteke.
Hitz gakoak: Euskara, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa, ofizialtasuna, esperimentazio juridikoa.