114. zenbakia ·
2020 (1)
NASAK ETA EUSKALDUNAK ELKARRI BEGIRA
Julen Larrañaga Martinez de Agirre, Mikel Mendizabal Idiazabal, Andoni Barreña Agirrebeitia
Hizkuntza-desagertze bizkor eta masiboari aurre egiteko eta mundu garatu, justu, duin eta orekatua eraikitzeko hizkuntza-lankidetza da irtenbide egokia eskaintzen duen estrategietako bat. Garabide Elkarteak eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak 2011n hasi zituzten harremanak Kolonbiako Caucako Departamenduko nasa herriarekin, hizkuntza-biziberritzeen prozesuetako esperientziak eta ezagutzak elkarrekin partekatzeko. Harrezkero, ibilbide laburra baina mamitsua garatu dugu nasek eta euskaldunek. Batetik, nasek zenbait biziberritze-estrategia, teknika eta metodo berreraiki dituzte euren kulturaren eta kosmobisioaren arabera moldatuz eta egokituz. Bestetik, euskaldunek, beste kulturak eta herriak ezagutu ahala aurreiritziak bazterturik, gure herriaren biziberritze-prozesuaz hausnarketa berregin dugu, globalizazioak ekarri digun neokolonialismotik ihes egin nahian.