Lagunarteko hizkerarekin jolasean
Iñaki Eizmendi Arsuaga
info@ebete.eus
EBETE
ORCID: 0009-0004-2252-0274
ZER DA LAGUNARTEKO HIZKERAREKIN JOLASEAN EGITASMOA?
Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean egitasmoa Nafarroako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren egitasmo bat da. Bertatik eginiko deialdiari erantzunez, Ttakun Kultur Elkarteak eta Urtxintxa Aisialdiko Hezitzaileen Eskolak elkarlanean eraman dute aurrera 2002 urte honen lehenengo hiruilabetekoan.
1- Labur eta zehatz azalduta, hauxe da Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean egitasmoa:
10 ordutako modulu bat: 2 orduko 5 saio egiten dira.
Erregistro kolokiala lantzea bilatzen da. Hiru gairen inguruan hain zuzen ere: adarra jotzea, haserretzea eta ligatzea. 13-14 urteko gazteei zuzentzen zaie. Ikastetxeetan eta klase orduetan emateko prestatua (nahiz eta oso erraza den formatu horretatik kanpo egin ahal izateko egokitzea). Aisialdiko metodologian oinarritzen da, eta jolasean ari diren bitartean lantzen dituzte gazteek esamoldeak.
2- Baina zertan oinarritzen da egitasmo hau? Zein da egitasmo honekin hastearen arrazoia?
Azken urteetan, euskararen normalizazioan lanean ari den jendearen artean, eta batez ere gazteekin lan egiten dutenen artean, egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala lantzearen beharra nabarmen ikusten da.